Bakean utzi arte

Noizean behin lagunen mezuak jasotzen ditut nire postontzi birtualean. Internet bidez surfarekin edo itsasoarekin zerikusia duten bideo eta albisteak bidaltzen dizkidate, artikuluak egiteko interesgarriak izan daitezkeelakoan. Kalean ere jendeak ideiak ematen dizkit eta badira beraiei buruz ez idazteko mehatxu egiten didatenak ere. Azken hauen helburua, noski, beraiei buruz idaztea izaten da, beraz, eta nire kontraesan izpirituarekiko fideltasun zintzoz, ez ditut aintzat hartzen.
Borondate onez egiten diren gauza guztiak gaizki egiten direlako, edo oraindik zutabe honetan, zein ondoko artikuluak hautatzeko orduan, kontuan hartzen ditudan irizpideak ulertzen ez dituztelako, ia kasu guztietan errefusatzen ditudan albisteak izaten dira. Beraz, ideia berriak ematen, edo albiste izan daitezkeen propaganda albisteak igortzen dizkidazuenei, mila esker, baina hasi «espabilatzen».
Nik zuek ulertzen zaituztet, nik ere ikastolan ikasi nuen, jaunartzea egin nuen, «etika» deitzen zuten ikasgaia irakatsi zidan erlijioko irakasleak, eta gizarte zein bizitzarako ezinbestekoa omen den osagaia muinetaratu zidaten, alegia, morala. Beraz, eta asko maite zaituztedan arren, uste dut zuek zaretela nire testuak ulertzeko ahalegina egin behar duzuenak, eta ez alderantziz.
Nire belaunaldiko kideek bakarrik ulertzen dituzte bere osotasunean Surflari Ernegatuaren «ernekeriak». Zehatzago esateko, munduko unibertsitate onenean parte hartu zuten kideak dira ondoen ulertzen nautenak. «Zarraikideen» klubeko kide kuttunak alegia. Horrela, asmatzen ditudan hitzak ere komatxo artean jartzera behartua nago, zuzentzaileek eta egungo irakurle gazteek ulertuko ez dituztelakoan. Horregatik ditut hainbeste «jarraitzaile» itzalpean.
Beraz, pasa den astean Kelly Slaterrek 23 urte luzez babesle izan zuen Quiksilver marka uzten zuela-eta bidali zenizkidaten mezu guzti horien igorleei, mila esker, baina galdera xume bat luzatu behar dizuet. Non da hor albistea? Hondartzan saltoka dabilen neskato lirainak Nivea markako krema ematen du hanka luze ederretan. Messik, Pepsi edaten du, Maradonak Coca Cola, eta Indurainek Danacol. Eta? Non da hor albistea? Zer pasa da? Zerk erakartzen zaituzte? Zerk eragiten?
Slaterrek surfaren industrian nagusi den babeslea utzi du, marka propioa martxan jartzeko. Oraingo honetan bai, mundua amaituko da. Nolatan ez dute GARAn ezer aipatu? Gainontzeko egunkari eta albistegietan albiste izan da... Erantzuna sinplea da. Publizitateak bere lekua du iragarkien atalean, denbora-pasek, eguraldi iragarpenak edo eskelek ere beren atala betetzen duten modu berean. Baina bada beste arrazoi bat propaganda hutsa eta albiste dena bereizteko. Egunkari honek irizpide propioak ditu, bertan lanean, besteak beste, «zarraikideak» ere badirelako, eta diotena diotela, besteak bezalakoa ez delako. Surf iragarkiak nahi dituenak eros dezala maite duen beste periodiko hori eta utz nazala bakean.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
