Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Surfa

Margaret River 2014: Michel Bourez eta Carissa Moore nagusi ASPko bigarren proban

Itxaronaldi epea azken egunera arte luzatu behar izan zuten antolatzaileek txapelketa behar bezala amaitzeko, baina azkenean olatu bikainak izan ziren eta lehiakideek ikuskizun ederra eskaini zuten. Azkenik, Michel Bourez eta Carissa Moore izan ziren txapeldunak.

Munduko ASP itzuliko bigarren proba amaitu berri da Margaret River-en. Gizonezkoetan Michel Bourez tahitiarra izan da garaile, eta emakumezkoetan, berriz, Carissa Moore hawaiiarrak eskuratu du Drug Aware Margaret River Pro txapelketako trofeoa.

Australia mendebaldean itsaskiak sarri izaten diren arren, aurtengoan itsasoa nahiko bare izan da eta antolatzaileek azken egunera arte itxaron behar izan dute txapelketa behar bezala amaitzeko. Hala ere, ingurune honek duen potentziala agerian geratu da.

Lehen aldiz The Box urautsian zenbait txanda egitea erabaki zuten antolatzaileek eta munduko olatu zailenetako batean erakutsi behar izan zuten lehiakideek zergatik diren profesionalak. Muturreko jaitsierak, erorketak eta hamarreko tuboak ikusi ahal izan ziren The Boxen, baina itsasoak berriz ere behera egin zuen eta txapelketa bertan behera geratu zen.

Urautsi batean zein bestean, olatua haitzen gainean amaitzen zuten lehiakideek. Oinetan zauriak egin zituzten surflariak asko izan ziren; izan ere, olatua amaituta, arraun egiteko urik ez zegoenez, uharrien gainean oinez ibili beharra zuten lehiakideak.

The Box urautsian izan ziren txandetan olatuak apur bat handiagoak izan balira, txapelketa historikoa izango zen. Ez zen horrela izan, baina bertan munduko txapelketa bat egiteko baldintzak betetzen direla agerian geratu zen.

Inork gutxi espero zezakeen finalean Michel Bourez eta Josh Kerr izango zirela, bi lehiakide hauek, emaitza onak lortzen dituzten arren, aurretik inoiz ez baitute WCT mailako txapelketa bat irabazi. Ohiko lehiakide puntakoak eta faboritoak bidean geratu ziren.

Surf egiteko oso modu desberdina dute Bourez eta Kerr lehiakideek. Bourez oso indartsua da, hanketan sekulako indarra dauka, eta bira bat egiten asmatzen duenean itzelezko lorratza ateratzen du. Bere gorpuzkera gihartsua ikusita, olatu txikietan zailtasunak izan ditzakeela pentsa liteke, baina ez da horrela. Slaterrek oso ongi deskribatzen du: «Tuboak egiten hobea izan daitekeela pentsa dezakezu, baina bere emaitza onenak bira ariketak egiten eskuratu ohi ditu».

Josh Kerr, ostera, oso teknikoa da, arina, taula nahi duen lekura eramaten asmatzen du eta airekoak egiten maisua da.

Bi metro eta erdiko olatuak zeuden, eta surf egiteko bi estilo oso desberdinak aurrez aurre. Bi surflariak eskuin surflariak dira eta finalean eskuinaldera jotzea erabaki zuten; beraz, aurpegiz surf egiten aritu ziren. Nor gailenduko zen ikustea bakarrik falta zen.

Bi lehiakideak apal hasi ziren, baina denborak aurrera egin ahala Bourez gero eta indartsuago zebilen. 6,33 eta 7,57 puntuko bi olatu egin zituen jarraian tahitiarrak eta australiarra ez zen hori gainditzeko gai izan. Gauzak horrela, 2014ko WCT itzuliko bigarren probako irabazlea Michel Bourez izan zen.

Margaret Riverren munduko txapelketa egiten den laugarren urtea da aurtengoa, eta emakumeen kasuan orain artean bi dira nagusitu diren lehiakideak, Courtney Conlogue estatubatuarra eta Carissa Moore hawaiiarra. Conloguek 2011 eta 2012ko txapelketak irabazi zituen. Carissak, berriz, iaz lortu zuen txapela eta aurten ere berak irabazi du.

Margaret Riverren irabazi ostean, ranking orokorreko lehen postura igo da hawaiiarra, baina ez dago bakarrik; izan ere, Stephanie Gilmorekin berdinduta dago. Munduko txapeldun ohi izandako bi lehiakide dira buru, beraz; bata, Stephanie Gilmore, bost bider munduko txapeldun izandakoa, (2007, 2008, 2009, 2010, 2012), eta bestea, Carissa Moore, bi bider munduko txapela eskuratutakoa (2011. eta 2013. urteetan).

Bi metroko eskuin olatuetan aritu ziren Carissa Moore eta Tyler Wright finalean. Bai hawaiiarrak bai australiarrak lehiakide gogorrak direla erakutsi zuten. Hartzen zuten olatu bakoitza gainditzen ahalegintzen ziren hurrengo olatuan, eta horrela, finalak aurrera egin ahala puntuazio altuagoak lortu zituzten, baina azkenean hawaiiarra nagusitu zen.

«Olatu zaila da Margaret River, etengabe ikasten ari naiz; beraz, bereziki gustura nago berriro ere bertan irabazteko gai izan naizelako. Leku hau atsegin dut. Maite dut Australia mendebaldea», adierazi zuen Moorek.

Jada hurrengo txapelketei begira dago Moore eta momentu honetan aurkari nagusi duen Stephanie Gilmore aintzat hartzen duela agerian utzi zuen bere hitzekin: «Rankingeko lehen postuan naiz eta horrek ongi sentiarazten nau, baina Gilmorekin berdinduta nago. Hurrengo txapelketetan zer gertatzen den ikusteko irrikaz nago».

Lehen mailako itzuliak oraindik Australian jarraitzen du eta datozen egunotan Bells Beacheko eskuin olatuan izango dira ASPko lehiakideak. Bertan izango da Aritz Aranburu zarauztarra ere.

Aranburuk ez du lehen bi txandak pasatzea lortu Australian, baina oraindik txapelketa asko geratzen da eta zarauztarrak zeresana eman dezake.