Andoni ARABAOLAZA
Eskalada | Lehen proba

Euskal sokadak bikain Rigloseko 12 orduko rallyan

Hilaren 12an, FEDMEk antolatutako Rallyen Ligaren lehen hitzorduan 23 sokadak hartu zuten parte. Emakumezkoetan, Idoia Rubial eta Maite Zumarraga gailendu ziren. Sokada mistoan, berriz, Zuriñe Arrue eta Andoni Ormazabal izan ziren indartsuenak; 2.ak absolutuan.

Botatako euriagatik, iazko Rigloseko rallya 12 orduetatik 8ra murriztu behar izan zuten. Aurten, aldiz, hamabi ordu horiek mantendu ziren, baina eguraldi iragarpenak bete, eta ekaitza lehertu zen. Ondorioz, FEDMEk antolatutako rallyen zirkuituaren lehen hitzorduan sokada askok blai eginda bukatu zuten.

Hilaren 12an, 23 sokada prest ziren Rigloseko rallyaren seigarren ekitaldian parte hartzeko. Berez, 25 ziren, baina lesio batzuk tarteko, bi ez ziren azaldu. Beraz, jokatu diren ekitaldi guztietan bezala, Rigloseko hitzordua arrakastatsua izan da. Gehienez, 25 sokadak har dezakete parte, eta aurten ere izen-emateak gainezka egin zuen.

Kataluniatik, Valentziatik, Madrildik, Aragoitik.... eta, jakina, Euskal Herritik ere bertaratu ziren. Azken hauek, hots, euskal sokadek, oso emaitza onak erdietsi zituzten. Besteak beste, bi garaipen: emakumezkoetan zein mistoan.

Aurretik, beraz, 12 ordu zituzten, eta hasiera-hasieratik argi geratu zen garaipenaren bila abiatu zirenek bide gogorrenen alde egin zutela; hau da, puntu gehien ematen dituzten bideen alde: «Zuzen», «Naturaleza Salvaje» eta «Chinatown» Viseran, eta «Escoria Oriental» Pisonen.

Sasoiko zeudela erakutsi zuten sokadek. Horietako batzuk rallyetan espezialistak dira, baina duela pare bat urte Ekaitz Maizek eta Gorla Karapetok ezarritako errekorretik urrun geratu ziren.

Zaparradak harrapatuta

Bai, metro gehien eskalatu zuen sokada Roy de Valera eta Adrian Ripollek osatutakoa izan zen. Guztira, 5 bide eta 1.200 metro. Gogora dezagun errekorra 1.820 metro eta zazpi bidetan dagoela. Hori bai, kontuan hartu behar da lehian zehar (arratsalde partean) bota zuen euri-jasak sokada asko eta asko geldirik egotera behartu zituela; ordubete eta bi ordu artean.

Sailkapen orokorrean bigarren sailkatua Zuriñe Arrue eta Andoni Ormazabalek osatutako sokada izan zen. 890 metro eta honako lau bide eskalatu zituzten: «Zuzen», «Directa Visera», «Fiesta del Biceps» eta «Moskito» blokera arte. Absolutuan, beraz, bigarren postua, eta lehena, sokada misto bezala. Azpimarratzeko moduko postuak dira lortutakoak, kontuan hartuta sokada misto batek sailkapen orokorrean bigarren postua lortzen duen lehen aldia izan dela.

Aipatu beharra dago, noski, sailkapen orokorrean hirugarrenak eta gizonezkoen sailkapenean bigarrenak Daniel Garcia eta Mikel Zabalza izan zirela.

Euskal ordezkarien beste garaipen bat azpimarratu behar da; hain zuzen ere, emakumezkoen sailean Idoia Rubialek eta Maite Zumarragak sinatu zutena. Orokorrean hamargarrenak sailkatu ziren. Sokadak honek 840 metro eta honako lau bide eskalatu zituen: «Moskitos» blokera arte, «Moskitos», «Adamelo» eta «Galletas».

Rallyaren antolatzaile lanetan jardun zuen Peña Guara pozik da lehian izan zen giroarekin: «Badakigu lehia dela, baina lagunarteko eguna ere bada. Pena handiena arratsalde partean bota zuen euri zaparrada izan zen».