Andoni ARABAOLAZA
Urrezko Pioleta | Ueli Steck-ek GARAri emandako iritzia

«Ez dut uste bakarka jardutea eredu ona denik»

Ueli Stecken «Annapurnak» Urrezko Pioleta jaso bazuen ere, hainbat kazetarik igoera horretan argi-ilunak ikusi dituzte. Hain zuzen ere, gailurrarekin eta jardueraren gaineko denborarekin. Nolanahi ere, suitzarra pozik dago bere bigarren aitortza jaso izanagatik.

Aurreko kronika batean Frantziako Urrezko Pioletak banatutako sarien berri eman genizuen. Bi jarduera izan ziren protagonistak: bata, Ian Welsted eta Raphael Slawinski kanadarren K6 West mendiaren lehen igoera, eta bestea, Ueli Steck suitzarrak Annapurnako hego aurpegian frantziarren bidea amaitu izana.

Lerro haietan kanadarren iritzia eta hausnarketak idatzi genituen; oraingoetan, berriz, Steck da Urrezko Pioleta eta Annapurnan egindakoaren gainean hitz egingo diguna. Jasotako sariari buruz, suitzarrak GARAri adierazi dio ezustean harrapatu zuela: «Ez dut uste eskalada hori oso handia izan zenik. Eta hori diot estilo hori duela urte batzuk beste alpinista batzuek erabili zutelako. Besteak beste, Loretan eta Troilletek Everesten eta Wielickik Shisha Pangman. Ez dut uste bakarka jardutea eredu ona denik. Gainera, ez dut uste hain azkarra naizenik, eraginkorra baizik. Azken 7-8 urteotan bakarkako estilo hori indarren jarri dut, eta aitor dezaket tarte teknikoetan eroso sentitzen naizela. Niretzat bakarka jardutea oinez lasai joatea bezain naturala da. Gaitasun bat da soilik. Asko entrenatzen naiz, oso gogor».

Nahiz eta «ezustean» harrapatu duen, protagonistak argi du zaila baino zailagoa dela urrezko piolet horiek banatzea: «Iaz makina bat jarduera bikain egin ziren. Oso zaila da eskalada horiek konparatzea. Ezinezkoa da. Eskalada bakoitzak bere izaera du. Oso eskalada ederrak izan dira! Batzuek diote sari hauekin lehia bultzatzen dela. Bada, ez dut uste. Ez dira hain serio hartu behar. Urrezko Pioletak agian babesleak lortzeko balio du. Baina argi izan, mendira bazoaz eta maila handia erakusten baduzu babesle horiek lortuko dituzula».

Estilo horretan (bakarrik, alpinoan eta azkar) Annapurnakoa egiteko gai bera bakarrik ez ote den galdetu diogu. Erantzuna bestelakoa izan da: «Ez dut uste. Oraindik ez dakit nire ibilbidean Annapurnakoa zein tokitan dagoen. Jakin badakit erokeria dela. Denbora behar dut egindakoaz hausnarketa egin ahal izateko. Eskalada horretan arrisku handia hartu nuen. Izaera horretako eskaladak ez dira maiz egin behar».

Steckek bigarren urrezko pioleta eraman du etxera; izan ere, 2009. urtean, Simon Anthamattenekin batera beste bat eskuratu zuen: «Chamonixen igarotako egunak ederrak izan dira oso. Urrezko Pioleta ekitaldi handia da, oso ederra. Baina hiru egun kazetariekin hitz egiten pasa ondoren, bada nahikoa zen. Saria jasotzea ohore handia izan da, duela urte batzuk Simonekin jasotakoa bezala. Ondo pasa dut, batez ere ezagutzen ez nituen beste alpinista batzuekin egon naizelako eta alpinismoaren inguruan nork bere iritzia eman ahal izan duelako. Eta hori garrantzitsua da».

Hainbat zalantza

Oro har, inork ez du zalantzan jarri suitzarrak Annapurnan eginiko jarduera bikaina. Hala eta guztiz ere, hainbat kazetari Steckekin oso kritiko izaten ari dira, besteak beste, eskaladaren inguruan frogarik erakutsi ez duelako: argazkiak, GPS-a, altimetroa, lekukoak... Bi eite ez ditu argitu: ez du gailurrean ateratako argazkirik eta jardueran sinatu zituen 28 orduen lekukorik.

Christian Trommsdorffek, besteak beste, alpinista handi eta ekitaldiaren antolatzailetariko batek zalantza horien inguruan hainbat mezu jaso zituen: «Hainbat kazetarik egin dituzten galderak oso logikoak dira. Ueli Steck profesionala da eta, Urrezko Pioletean dirua tartean ez baldin badago ere, sariak oihartzun handia du, batez ere babesleen zein hedabideen artean. Pasa den otsailean Steckekin bildu nintzen, eta aitortu zidan frogarik batere ez zuela».

Suitzarrak honakoa adierazi du: «Nire errua izan da dena. Harrokeriak ez ditut gustuko, mendiak eskalatzeak gizateriari ez diolako batere aportatzen. Bidezkoena egin dut beti: nire jarduerari buruzko xehetasunak ematen ditut eta gaur arte inork ez dit hain gogor aurpegiratu frogak ez ematearena. Ez dut gailurreko argazkirik, elur olde txiki batean kamera galdu nuelako».

Jardueraren «kronoaren» inguruan lekukorik ez izatea, GPSa martxan ez jartzea... horiek ere aurpegiratu zaizkio. Baina Urrezko Pioletak ez du zalantzarik izan eta saria berari emate erabaki du.

Lavaredoko Hiru Gailurren ipar hormak, neguan, 16 ordutan egin dituzte

Urrezko Pioletaren ekitaldira joan baino lehen, Ueli Steckek Michi Wohlleben kidearekin batera non-stop bikain bat sinatu zuen Lavaredoko Hiru Gailurren (Dolomitak) ipar hormetan. Neguan, gainera. Martxoaren 17 eta 18an egin zuten, eta pareta bakoitzean bide bana eskalatu ondoren, kronoa 15 ordu eta 42 minutuan gelditu zuten.

Wohlleben gaztea izan arren, goi mailako alpinista da. Trilogia hori egiteko irrikaz zegoen, baina sokakide bat lortzea kosta egin zitzaion: «Ueliri SMS bat bidali nion, eta galdetu nion ea eskalada horiek egiteko motibatuta zegoen. Elurraren baldintzak aztertu ondoren, saiatzea erabaki genuen. Bederen, argi eta garbi genuen horma bakoitzeko bide klasikoan sartuko ginela».

Horrela bada, bi alpinistok honako marrak igo zituzten: «Cassin» Mendebal Gailurrarena, «Comici» Gailur Nagusiarena eta «Innerkofler» Gailur Txikiarena.

Amaieran, alpinista gazteenak adierazi zuen eginiko denborarekin ezusteko handia hartu zutela: «30 bat ordu egitea espero genuen, eta ia erdia egin dugu. Andoni ARABAOLAZA