J.L.
Aizkora

Felix Etxeberria eta Mieltxo Mindegia hurrengo saioan izango dira

Felix Etxeberriak eta Mieltxo Mindegiak lortu zuten herenegun Urrezko Aizkorako hurrengo saioan aritzeko txartela. Zortzi aizkolari aritu ziren Otsagabian jokatu zen kanporaketan, eta bi onenek bakarrik lortu zuten hurrengo saioan aritzeko txartela.

Bi multzotan banatuta jokatu zuten lehen fasea, eta aurreneko multzoan, Felix Etxeberria izan zen nagusi Mindegiaren, Zubiagaren eta Vicente II.aren aurretik.

Bigarren multzoan, berriz, Mujika gailendu zen, Oihan Larretxearen, Saralegi I.aren eta Jauregiren aurretik. Lehen fasea amaituta bigarrena jokatu behar izan zuten, eta hor multzo bakoitzeko lehen sailkatuak besteko bigarrenaren aurka neurtu behar izan zuen, finalerako txartela lortu eta hurrengo saioan aritu ahal izateko.

Felix Etxeberriak finalerdia oso erraz irabazi zion Ohian Larretxeari. Amaieran ia minutu bateko tartea kendu zion. Beste finalerdia askoz ere estuagoa izan zen. Mindegiak mendean hartu zuen Mujika, baina bi segundoko tartea besterik ez zen egon.

Horrela, hirugarren eta laugarren postua jokatu zen lehenengo. Irabazleak, hurrengo kanporaketan aizkolariren batek huts egiten baldin badu jokatzeko aukera izan lezake. Oihan Larretxea eta Mujika neurtu ziren, eta Berako gaztea gailendu zen. Hemen ere neurketa estua izan zen, segundo bakar bateko tartea besterik ez baitzen egon.

Finalean, berriz, Felix Etxeberria eta Mieltxo Mindegia lehiatu ziren. Biek zuten aurrera egiteko txartela, baina denek nahi izaten dute irabazi, eta amaieran Etxeberria gailendu zen. Mindegia aurretik ibili zen, baina aizkora kateatu eta denbora dezente galdu zuen alferrik Zubietako aizkolariak, eta azkenean Felix Etxeberriak irabazi zuen. Amaieran minutu erdi bateko tartea kendu zion, eta garaipena erdietsi zuen, nahiz eta Mindegia ere sailkatuko den.