Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Surfa

Josh Kerr irabazle GoPro bideoklip txapelketan

Margaret Riverren egin zen txapelketan bildutako irudiekin bideo lehiaketa bat egin zen eta irabazlea Josh Kerr izan da; horrela, hamar mila dolar irabazi ditu.

Margaret Riverren egin zen munduko txapelketa pasa den apirilaren 13an amaitu zen arren, txapelketarekin batera, paralelo, beste lehiaketa bat ere izan zen, GoPro Challenge delakoa, alegia, eta ikusmin handia sortu du sare sozialetan.

Lehiakideek Margaret Riverreko urautsiren batean apirilean hartutako olaturen baten irudia igorri behar zuten, eta epaileek txapelketa amaitu eta astebetera hartu zuten azken erabakia. Irabazlea Josh Kerr australiarra izan da.

Guztira hogeita bost bideo aurkeztu ziren hasiera batean. Margaret Riverreko txapelketak iraun zuen artean bertako urautsietan hartutako irudiak dira, txapelketaz kanpoko surf saioetan hartutakoak. Musikarekin lagunduta, 40 segundo inguru irauten duten bideoklip laburrak.

Epaileek guztien artean bost bideo hautatu zituzten bigarren itzuli batean. Tartean, Aritz Aranbururen bideo bat ere bazen. Bertan, tubo bat egin ostean ur azalean etzanda amaitzen duen bira bat egiten agertzen da zarauztarra, irudi ederrak dira.

Aurrez, sare sozialetan menta handia izan zuen beste bideo batean ere agertzen zen Aranburu. Josh Kerr australiarrak aurkeztu zuen bideoan, Aranburu agertzen zen surfean, eta olatuaren amaieran ia Josh Kerrekin talka egiten du, biak olatu berean baitoaz. Hala ere, bideo hau ez zen lehen bost bideo aukeratuen artean egotera iritsi.

WCT itzuliko bigarren proban bigarren postua eskuratu zuen Josh Kerren bideoak arrakastatsuak izan ziren; izan ere, finalerako hautatu zituzten bost bideoetatik bi bereak izan ziren, beste bi Kelly Slaterrenak eta bosgarrena Aritz Aranbururena.

Azkenean, Josh Kerr bera izan zen lehiaketa bitxi honetako irabazlea, bere bideoetako batek lortu baitzuen puntu gehien, eta horrela, hamar mila dolar amerikarreko saria eskuratu zuen australiarrak.

Horrez gain, badira halako irudiak hartzeko surflariek kamera nola erabiltzen duten erakusten duten bideoklip laburrak ere. Irudi ikusgarriak dira; izan ere, muturreko olatuak izan arren surflariek kamera nola eramaten duten ikusten da, eta halako irudiak hartzeko sekulako abilezia behar dela ere agerian geratzen da.

Batzuek kamera ahoan eramaten dute, hortzekin atxikita. Beste batzuek eskuan eramaten dute kamera, eta egin behar duten ariketaren arabera eskuz aldatzen dute. Emaitza politak lortzen dira, batez ere puntako surflariak direnean; izan ere, ez da batere erraza irudiak horrela hartzea, esperientzia handiko surflariek bakarrik egin dezakete halako zerbait.

Irudien txapelketa hauek WCT itzuliko leku desberdinetan egingo dira, eta formatua berbera izango da. Alegia, olatu bat, segundo gutxi batzuk eta musika pixka bat.

ASPko zirkuitu gorena Bell's Beachen aurkitzen da oraintxe bertan, eta jada txanda batzuk eginak dituzte. Aste honetan bertan amaitu da WCT itzuliko hirugarren proba eta berriz ere sekulako irudiak ikusi ahal izango direla asma daiteke.