Andoni ARABAOLAZA
Alpinismoa | Indiako Himalaia

Pou anaien helburua gogorra eta erakargarria da: Bhagirathi III era askean

Datorren ostegunean, Eneko eta Iker Pou anaiak Indiako Himalaian dagoen seimilakora abiatuko dira. Gasteiztarren xede nagusia Baghirathi III mendiaren (6.454 m) lehen igoera askea lortzea izango da.

Espedizioei dagokienez, iaz Eneko eta Iker Pou anaiak erabat geldirik egon ziren. Bai, lesio batzuk tarteko, esku artean zuten goi mailako erronka bat bertan behera utzi behar izan zuten. Aurten, berriz, «ezkutuan» zuten xede hori berreskuratu dute.

Datorren ostegunean, Gasteizko anaiak Indiako Himalaiara abiatuko dira. Gharwahal izeneko eskualdean, hain zuzen ere Baghirathiko mendigunean, hormatzar gogorrak bezain erakargarriak zain dituzte. Hain zuzen ere, Bhagirathi III mendia (6.454 m) dute helburu.

Seimilako horretan oso jarduera bikainak egin dira, eta, arabarrak ezagututa, jakin bagenekien hango historian beste urrats bat egiteko prest daudela. Bada, bai, poutarrak seimilakoaren lehen igoera askea egiten saiatuko dira.

Jakin badakite, zaila, oso zaila, izango dutela: «Jakin badakigu oso aukera gutxi ditugula; %20 gutxi gorabehera».

Aurrean duten erronka 1.300 metroko pareta da. Kilometro luze bat arrokan eskalatu beharko dute, eta azken 300 metroak izotzean zein mistoan. Hori guztia kontuan hartuta, alpinistok onartu dute orain arte egin duten ibilbidean ziur aski helburu gogorrena izango dela: «2005. urtean, Karakorumeko Izenik Gabeko Dorrean `Eternal Flame' bidea era askean igotzen saiatu ginen. Eskarmentu hura oso aberasgarria izan zen, baina, era berean, oso-oso gogorra. Hori dela eta, uste dugu Bhagirathiko hau are zailagoa izango dela».

Zailtasun teknikoak

Pou anaiei aitortu behar zaie aukeratu duten pareta eta hura eskalatzeko estiloa, finean esku artean duten erronka, goi mailako alpinisten helburua dela. Batzuk saiatu dira, baina orain arteko saio guztiak ezerezean geratu dira.

Argazkian oso ageri ikusten den mendebal zutoina era askean eskalatzen saiatuko dira. Hori da, ondo baino hobeto aztertu ondoren, erabaki dutena. Hots, hango bidea, «Estrella Imposible», librean igotzea.

Dena dela, badakite azken erabakia han bertan hartuko dutela; izan ere, lehenik eta behin, bidearen zein paretaren baldintzak ikusi eta aztertu behar dituzte. Mendebal zutoina ez bada, protagonistok bide berriren bat zabaltzea ere aztertu dute.

Mendebal zutoinean sartzen badira, poutarrek zailtasun tekniko handiak aurreikusi dituzte: «Beste espedizio batzuen saialdiak ikusita, badakigu ziur aski zazpigarren eta zortzigarren zailtasuneko luzeak gainditu beharko ditugula. Eta hori guztia pareta eta garaiera horretan egin behar dela ikusita, bada pentsa ezazue zer nolako erronka izango den. Kapsula estiloan igoko dugu, hots, hamakekin eta gauak paretan igaroz».

Kanpaleku nagusia 4.500 metrora atonduko dute, eta ondoren hilabeteko tartea izango dute orain arte Baghirathi III mendian inork lortu ez duena erdiesteko.