Floren Aoiz
www.elomendia.com
JO PUNTUA

Apirileko krabelinak Euskal Herrian

Elkartasunez eta ausardiaz aztertu beharko ditugu espainiar estatuko ezker indarrekiko elkarlan aukerak, baina abiapuntuak argi utziz: geuk geure bidea hartuta dugu, euskal bidea

Zorigaitzez, urrun agertzen zaizkigu duela 40 urte Portugalen nagusitu ziren iraultza itxaropenak, diktadurari indar oroz aurre egiteko grina. «Grandola Vila Morena» kantatu zuen herriak orduan, haustura baten bidean, asmoak eta ametsak zabaltzen zirelarik. Zerumuga behatzaz ukitzeko garaiak izan ziren haiek eta gerora bestelako zapuzketak etorri baziren ere, oraingoz bizirik daukate portugaldarrek orduko gertaeraren oroimena. Eta ez oroimena soilik, kultur komunaren funtsean errotu baita iraultza. Demokraziaren mito sortzailean gorderik daude krabelinak, batzuek fosilizatu nahi dituzten arren.

Espainiar estatuan, iraultza demokratikoaren ordez, diktadurako politikari kriminalak eta oposizioko politikari ustel batzuen arteko adostasun nazkagarria da miresten dena. Batzuek diktadurarekiko haustura birtuala irudikatu zuten, egun batetik bestera betiko demokratak bilakatuz. Besteek frankismoaren kontra inoiz ere agertu ez zuten ausardia aldarrikatu zuten. PPren sortzaile izan zen Fraga kriminal faxista hil zenean atzeman genuen. Frankismoaren alderdi bakarraren buru izan zen Suarez hil denean ikasi dugu, berriz ere.

Nekez oroit daiteke espainiar Estatuan haustura demokratikorik, are gutxiago iraultzarik, inoiz ez baita halakorik gertatu. Jarraipena da nagusitutakoa, bai XIX. mendean burgesiaren nagusitzearen ibilbidean, baita frankismoaren ondotiko trantsizioan ere.

Ulergarria da, honenbestez, inbidia sentitzea Krabelinen Iraultza oroitzean. Baina ez dugu gauza handirik lortuko sentimen horretan murgilduta. Hobe dugu geure krabelinen iraultza demokratikoa prestatzea, benetako haustura demokratikoa ahal bezain bizkor lor dezagun.

Ez gaude, berriz, Francoren hil ondotiko egoeran. Gaur egun, orduan bezala, erreforma eta hausturaren artekoa da eztabaida nagusia. Baina 1975etik pasatako urteetan haustura birpentsatu behar izan dugu eta oraingoan gure zerumuga ezin da izan espainiar estatu mailako iraultza demokratikoan autodeterminazio eskubidea lortzea, Estatu espainolarekiko haustura baizik. Baina hausturaren ezaugarriak aldatu dira, sakontze aldera.

Oraingoz ere entzuten ditugu espainiar estatu mailako demokratizazio ahaleginetan murgiltzeko deialdiak. Egia esan, ugaldu eta areagotu dira dei hauek, estatu mailako ezker egitasmo zahar-berriak agertzen edota indartzen diren heinean. «Alda dezagun estatua eta gero zuen erabakitzeko eskubidea bideratuko dugu», esaten digute, nolabait. Baina, bien bitartean, III. Errepublika gora eta behera, estatu mailako indar politikoak, espainiar erreferente mediatikoen hedapena...

Hori ez da bidea. Geure Lehen Errepublika egitea, hobe. Geure herri mailako indar politikoak indartzea, hobe. Geure erreferenteak lantzea, hobe.

Estatu mailako esparrua ontzat hartzea ez da erabaki neutroa, apustu politiko-estrategiko argia baizik. Elkartasunez eta ausardiaz aztertu beharko ditugu espainiar estatuko ezker indarrekiko elkarlan aukerak, baina abiapuntuak argi utziz: geuk geure bidea hartuta dugu, euskal bidea, euskal krabelinen iraultzaren bidea.