Jon LEUNDA
Aizkora | Urrezko lehiaketa

Etxeberriak eta Lopezek bidea egiten jarraitzen dute

Mieltxo Mindegia izan zen kanpoan geratu zena, baina beste bietatik oso gertu amaitu zuen.

Felix Etxeberriak eta Juanjo Lopezek lortu zuten atzo, Lazkaon, hurrengo kanporaketan aritzeko txartela. Beraiekin batera, Mieltxo Mindegia ere aritu zen. Aizkolari bakoitzak bost lan ezberdin egin behar izan zituen. Jendetza handia batu zen Lazkaoko pilotalekuan.

Atzo Lazkaon batu ziren aizkora zaleek gozatu ederra hartu zuten, ikuskizun oso ona eskaini baitzuten bertan aritu ziren hiru aizkolariek. Horrez gain, jendeak emozioa nahi izaten du, eta hori ere soberan izan zen. Amaieran, aurrena sailkatu zen Etxeberriarengandik, azkena sailkatu zen Mieltxo Mindegiarengana, 22 segundoko tartea besterik ez zen geratu.

45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu izan zen egin beharreko aurreneko lana, eta Etxeberria izan zen hor onena. 33an erdibitu zuen enborra, eta baten aldea kendu zien beste biei, Lopez eta Mindegia berdinduta geratu baitziren. Jarraian tamaina bereko enborra erlojuz kontra ebaki behar izan zuten, eta hor ere Etxeberria gailendu zen, enborra 58 segundoan moztuz. 1.01 izan zen Mieltxo Mindegiaren denbora, eta 1.04 Lopezena.

Hirugarren lanean, 45 ontzako enborra zutik jarrita ebaki behar izan zuten, eta hor ere Sunbillakoa izan zen nagusi. 1.20 izan zen bere denbora. Bost segundo kendu zizkion Mindegia gazteari, eta hamalau, berriz, Juanjo Lopezi.

Laugarren lanean, Lopez izan zen onena. Aizkolari bakoitzak 60 ontzakoa ebaki behar izan zuen, eta Lezaungoak gainerakoei alde nabarmena kendu zien. Ordura arte azkeneko postuan zegoen, baina lan horren ostean, egoera aldatu egin zen. 2 minutu eta 19 segundo behar izan zituen enborra botatzeko. Bi minutu eta 33 segundo behar izan zituen Etxeberriak, eta bi minutu eta 35 segundo, berriz, Mieltxo Mindegiak.

Iraupen probara, azkenekora, alegia, hiru aizkolariak iritsi ziren sailkatzeko aukerekin. Hor bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituen bakoitzak, eta Felix Etxeberria gailendu zen. Sunbillakoak lan bikaina egin zuen, eta 10 minutu eta sei segundoan burutu zuen bere lana. Bigarren Juanjo Lopez sailkatu zen, eta Lezaungoak, 10 minutu eta 15 segundoan burutu zuen lana, eta 10 minutu eta 17 segundoan, Mindegiak. Lan guztiak egiteko, 15 minutu eta 30 segundo behar izan zituen Etxeberriak, 15 minutu eta 46 segundo Lopezek, eta 15 minutu eta 52 segundo, Mindegiak.

Atzo Gasteizen, 19 urtez azpikoetan, Etxeberria II.a eta Kañamares IV.a ziren neurtzekoak, baina ez zen jokatzerik izan, Kañamaresek herenegun min hartu baitzuen, eta neurketa bertan behera geratu zen.