EDORTA JIMENEZ ORMAETXEA
DIECISÉIS AÑOS DESPUÉS

Bermeo-Habana arteko ortzadarra

Bermeo, 2103ko uztailak 13 dituela. Itsas-Gane futbol zelaia. Munduko ederrenetakoa. Iparraldeko atearen ostean itsasoa, Izaro eta Ogoño, mendebaldeko harmailen ostean kanposantua, ekialdeko aldean herria eta taberna, sorgindua da leku hau. Apirilaren 11ko sutearen ondorioz kaltetuak izan direnen alde jokatuko dute bertoko talde biek. Hain zuzen ere, Bermeok eta Athleticek. Biak bertokoak bai. Giroan nabari da gurean Athletic zer den. Jaia, poza gainezka eta harmailak beterik, oi zein zorte ona gurea, partidak antzina hemen berton ikusi izaten genituenean legez ikusi ahal izatea gaur ere. Zera, tragoa eskuetan dugula.

Urten dute zelaira jokalariek. Publikoak denen izenak dakizki. «Aduriz!» da ostera aldarririk ozenena, errepikatuena. Eta horra hor Ernesto. Noiz ikusi ote dut nik azkenengoz inor horren pozik. Aparretan dagoela igartzen zaio Txingurri azeriari. Ez eta loteriak urten diola esan baliote ere. Eta zer esan Beñat, Etxeita, Riko eta Sola aurten etxera itzuli diren horien keinuetan igartzen den pozkarioaz. Iraizoz agurtzera joan naiz. «Esker asko!, Gorka». «Zeuri!». Kuttuna dut atezaina.

Partida amaituta eta jokalariak aldageletara doazela, gaztetxo aldra batek Ander Herrera inguratu du. Ez dauka ihesbiderik. Umetxoa, hemen seina, altzoan ipini diote eta, nora joan horrela? «Sinatu, sinatu!». Pozkariozko negarrak, argazkiak eta musuak. Ai ene, Ander, Ander! Igartzen duzu hemengoen maitasuna?

Zortzi hilabete igarota, Habana. Oinez noa Felixen etxera, ni, zoro halakoa. Hezetasuna ia %100koa da eta tenperatura hogeita hamar gradutik gorakoa da. Betis-Athletic partidara ezin dut huts egin, ostera. Hegazkinetik lehorreratu berritan esan zidaten aurreko partidaren emaitza. Espanyolen aurka etxean, 1-2. Ea ba Betisekin zorte hobea dugun.

Berandu iritsi naiz Felixen etxera. Izerditan itota. Edateko? Nik dakit ba! Hemen rona dago, noski. Baita garagardoa eta ardoa ere. Zuria zein beltza. Eta gaztaia. Eta zer ez, sukaldaria da eta etxeko jauna. Eguerdia oraindino, zer edan? Edozer. Telebistaren inguruan jesarrita topatu dudan ikuslegoak bezala. Huts eta bat irabazten goaz! Muniainek sortu ei du gola. Hau da urduritasuna hemengo hau!

Kubako zale hauek Athleticek munduan edozein bazterretan dituen bezalakoak dira. Horrek ez duela balio, beste hori zein txarto jokatzen ari den, zertan dagoen Valverde aldaketarik egin gabe, eta abar. Etorri da ba aldaketa azkenean ere. Guillermo. Gola! Aupa!

Partida amaituta etxe honetara bildu direnek, Kubako Athletic Peñakoak eurak, kontuak egiten dituzte. Nik zuri hau zor, zor horri beste hori, badute porra delakoa hemen ere. Tira, eta orain, erdi mozkorturik eta bero honekin, zer egin? Habanako Liburu Azokara joan, berriro ere? Bai eta zera ere! Lekutan dago Azoka. Ospatu beharra dugu. Hurrengo non?

Bart ostera Bermeoko partida haren egunean gutariko inork aurreikusten ez zuena egia bilakatu da. Champions izeneko bussines horretarako sailkatu gara. Nire gogoa Habanara doa, Bermeotik hara hedatu den ortzadar mehe zuri-gorriaren bidean hegan. Nahi nuke Europako partidaren bat hantxe ikusi, hango lagunekin batera. Rona edan, erbestea arinago egiten lagundu. Bitartean, aurtengo uztailean Athletic Bermeora itzuliko den itxaropena dut, aizue Klubeko agintariok. Ea ba horretara Betiereko Itzuleraren teoria gure egiten dugun. Eta Bermeo - Habana - Bermeo zirkulua urtero errepikatu ahal. Bitartean, zorionak denoi, goraintziak Habanakooi. Eta aupa zuok, jokatzerik apenas izan duzuen jokalariok!