Xabier ETXANIZ ERLE
HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Hiltzailearekin batera

Agatha Christie idazle ingelesa ezaguna da intriga eta misteriozko nobelengatik. Mundu guztian barrena zabaldu dira Hercule Poirot edo Jane Marple pertsonaia ezagunen istorioak, baita euskaraz ere. Christiek, baina, nobelez gain bestelako literatur lanak ere argitaratu zituen, eta horietako ezagunena «Sagutegia» antzerki lana dugu. Manuel Broncanok liburuaren sarrera guztiz argigarri eta interesgarrian dioen bezala, «obra honek oso sorrera bitxia izan zuen. BBCk eskaera bat egin zion Agatha Christieri 1947an (...) hogei minutuko iraupeneko irratsaio baterako egokitu zuen bere `Hiru arratoi itsu' ipuina, eta entzule-arrakasta handia izan zuen. Obra hura egiazko kasu batean oinarritzen zen: Dennis O'Neill haurraren heriotza, zeina baserritar batzuei adopzioan emana izan ondoren hil baitzen. 1951. urtean idazleak berriz ere helduko zion `Hiru arratoi itsu' obraren idazketari, baina orduko hartan hiru ekitaldiko antzezlan bat osatu zuen».

Lan hori da, hain zuzen, «Sagutegia» ezaguna. Antzezlana 1952ko urriaren 6an estreinatu zen eta urte bereko azaroaren 25ean eman zen lehen aldiz Londresen; harrezkero emanaldiak taula gainean dirau, historian antzezpen gehien izan duen lana delarik.

Vicens Vives etxe katalanak eskaintzen digun lan honek (Koro Navarrok ederki euskaratua, bide batez esana) badu, arestian aipatu bezala, sarrera bat egilea eta obra girotzeko; ostean antzezlana bera dator, eta, amaieran, hainbat jarduera bildu dituzte eskoletan lantzeko.

Antzezlana ostatu txiki batean gertatzen da; elurragatik inkomunikaturik dagoen ostatu horretan hilketa bat ematen da eta bertan dauden guztien artean tentsio eta intriga uneak bizi izango dira. Ostatu ireki berrian ostalari senar-emazteez gain beste sei bezero ageri zaizkigu; poliki-poliki agertokian ageriko, denok aurretik enkargatuta zuten atseden tokiaren bila Casewell andereñoa izan ezik; azken hau, elurragatik autoa irristatu, errepidetik atera eta bat-batean ageri baita ostatuan.

Lanaren hasieratik hilketa eta misterioa dugu; oihala altxatzen den unean bertan irratia da entzuten den lehen gauza; Scotlan Yarden oharra hilketa baten inguruan, susmagarriak ihes egin duela eta haren atzetik ari direla. Etxe barneko tentsioa igo egingo da ostatuan gertaturiko hilketaren ondoren. Hiltzailea beraietako bat baita eta irakurketak aurrera egin ahala ikusi ahal izango dugu pertsonaia guztiek dutela zer ezkutatu, baita hasiera batean guztiz zoriontsuak ziruditen senar-emazteek ere.

Gezurra, engainua, faltsukeria, eguneroko errealitatearekin eta eguneroko kontuekin batera ageri zaizkigu; irakurleak amaieran datuak izango ditu istorio guztia ezagutzeko, pertsonaia batzuen jokabidea noraino izan den itxurazkoa eta beste batzuk saguak bezala bizi izan direla sagutegi baten barnean.

Une gozo bat pasatzeko obra honek balioko al du bat baino gehiago hurbiltzeko misterioa eta intrigaren mundura! Agatha Christieren soka luzea baita, eta jarraitzaileena are luzeagoa.