Angel Erro
BERRIA , 2014/4/30
HEMEROTEKA

Sarekada

Bakoitzak bizi duen Twitter-ekin infernu partikularra eraikitzeko material guztiak dauzka eskura, nori jarraitzen dion, nori ez. Horregatik ez du zentzurik, jende asko egiten duen moduan, kexatzen ibiltzeak, aspergarria dela eta ez dela, jendea tematia edo gorrotagarria dela eta abar.

Uste dut orain arte atxilotu dituzten 21 txiolarietako bakar baten jarraitzailea ez naizela Twitterren, baina ongi gerta zitekeen, mahuka zabalekoa bainaiz jarraitzen ditudan tuiterlariekin (jarduera gabekoei baino ez diet unfollow egiten; salbuespena, bere solasaldi pribatu guztiak publiko egiten tematzen den erabiltzaile astuntxoa baina halere jarraitzaile asko dituena), baina ados egoten ez naizenetan, hortik irakasgai bat ateratzeko balio ahal zaidala pentsatu ohi dut, gizadiaren ankerraz eta ergelaz. Umoreaz ere asko ikasten dut, inoiz nire liburuetan aplikatzeko erabilgarria izan dakidakeena, eta batez ere umore-ezaz, oraindik erabilgarriagoa dena.

Guardia Zibilaren sarekada edo agitprop kanpaina mediatiko, hitzaren zentzu zabalenean erabilita, ikaragarri honetan bi gauza egin zaizkit aldi berean amorragarriak: sarekada bera eta bortxakerian apologiatzat zentzu bakarrekoa baino ez hartu izana aintzakotzat.