MAITE BIDARTE
Info7ko kazetaria
GUTUNAK

TS Fundicioneseko langileak! Eutsi!

Hedabideetan lan egiten dugunok ohituak gaude enpresa itxiera, espediente edo kaleratzeen berri ematen. Baina, aitortu behar dut, egunerokotasunean, zenbaki hutsean gelditzen direla maiz. Aste honetan, ordea, Zestoan zenbaki horiei aurpegia jarri diet, eta aurpegiei bihotza.

Gure irratian, gutxitan, baina tarteka, izaten dugu aukera kalera ateratzeko. Aste honetan Zestoako TS Fundiciones langileen itxialdia zuzenean jarraitu dugu Info7 irratian; bertan izan nintzen, lantegi barruan, langileekin.

Horrela ezagutu nuen Eladio, beteranoena, 60 urte. Buzo urdina soinean, kaskoa eta motxila ez zituen egun osoan kendu. Kateak prest edozein momentuan bere lanpostuan lotzeko. Kontatu zidan, haren alabak 18 urte bete dituela eta unibertsitatean hasi berri dela. Aiako Gotzonen sagardoa probatzeko aukera izan nuen, baita haren andreak afaltzeko prestatutako pasta plater goxoa, ezagutu nituen haren emazte eta seme-alabak. Jakin nuen, ELAkoa zen beltzarana (ez dut izena gogoratzen) bizkarreko minez dabilela. «Txakurrak bezala tratatzen gaituzte», erraten zidan. «Gogorra da, gogorra da», eta azaldu zidan nola batzuek bost egun miserable izango dituzten soilik langabezian, bertze batzuek laguntza sozialak eskatu behar izan dituztela aitzinera egiteko, edo jasoko duten kalte-ordaina ez dela nahikoa izanen pilatutako zorra kitatzeko. Haren alabek etxeko arrautzekin egindako patata tortilla jan genuen, nik eta bertze hainbertzek. Itxialdian, guztiona baitzen dena. LABeko Asierri aditu nion eguneko esaldi borobila: «Pozik gaude, gaur behintzat, gurea da lantegia»; ederki animatu zituen langile guztiak, bizkarrean kolpeak, burua gora beti. Ertzaintzaren patruilak kanpoan bueltaka zeuden bitartean, wifia dela eta ez dela, hala pasa genuen arratsaldea, iluntzeko futbol partida bai edo bai ikusi nahi baitzuten, baina telebistarik ez. Han etorri zen Bertol (langilea hau ere), hesiaren bertze aldetik, etxeko telebista eta antenarekin. Atarian zegoen bertze emazte batek ekarri zigun merienda, eta txorixo bokata irri artean jan genuen Xarpas oriotarraren kontura; pasadizoak kontatzen bera bezain abilak gutxi. Ondokoak, ezin oroitu denen izenarekin, zera: «Hemen umorea ez dugu galdu, baina gero bakoitzak bere penak etxean». Ez daitezen langileen kaleratzeak zenbaki soilean geratu.

Eskutitz honekin nire intentzioa ez da langile-borrokaren inguruko hausnarketa bat egitea, bertze norbaiti utziko diot lan hori, baietz nik baino aise hobe egin. Letra hauek zuentzako TS Fundioneseko langileak. Eskerrak emateko. Adibide zuen borroka, zuen elkartasuna, zuen duintasuna. Eutsi!