Jon LEUNDA
Aizkora | Urrezko lehiaketa

Erasun eta Larretxea izan dira Berako bi onenak

Ruben Saralegik eta Eneko Otañok ere lortu zuten finalerdietan sartzea.

Ander Erasunek, Eneko Otañok, Ruben Saralegik eta Oihan Larretxeak lortu zuten atzo Beran, 23 urtez azpiko Urrezko Aizkorako finalerdietan sartzeko txartela. Sei aizkolari izan ziren lehian aritu zirenak, eta Rodriguez II.a eta Vicente II.a izan ziren kanpoan geratu zirenak.

Bi multzotan banatuta aritu ziren. Aurrenekoan, Saralegi, Larretxea eta Rodriguez II.a neurtu ziren. Azkeneko honek Eneko Saralegiren lekua hartu zuen. Bakoitzak hiru lan ezberdin egin behar izan zituen. 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu, 60 ontzakoa zeinek azkarrago ebaki eta lau kana-erdiko zeinek azkarrago erdibitu izan zen egin beharrekoa.

Multzo honetan, Oihan Larretxea izan zen onena hiru probetan. 14 minutu eta 55 segundo behar izan zituen egin beharreko guztiak amaitzeko. Bigarren, proba guztietan, Ruben Saralegi izan zen, eta denera 15 minutu eta 45 segundo behar izan zituen, eta azkena, bai sailkapenean, eta proba guztietan, Rodriguez izan zen. 19 minutu eta 20 segundo izan zen bere denbora.

Beste multzokoek ere lan bera egin behar izan zuten. Ander Erasun izan zen han onena, baina hiru probetatik bi irabazi zituen. Denera, Aurtizkoak, 14 minutu eta 7 segundo behar izan zituen lanak bukatzeko.

Bigarren postuan sailkatu zen Eneko Otaño. Beizamakoa 60 ontzakoa mozten azkarrena izan zen, baina denera bigarren postuan bukatu zuen. 14 minutu eta 36 segundo izan zen bere azkeneko denbora. Azkena, Iker Vicente geratu zen, bai sailkapenean, baita multzoko lan guztietan ere. Denera, 16 minutu eta 44 segundo behar izan zituen Otsagabiako gazteak. Azkenean, multzo bakoitzeko aurreneko bi sailkatuak izango dira finalerdietako saioetan.