Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Rio de Janeiro: Brasilgo kostaldea prest munduko lehiakide onenak hartzeko

Aste honetan hasiko da Brasilen emakumezko zein gizonezkoen mundu txapelketa. Lehen aldiz ASPko munduko titulua brasildar batek eskuratzeko aukera objektiboak daude. Rankingean lehen postuan den Gabriel Medinak etxean jokatzen du; bera da, beraz, faboritoa.

Datorren maiatzaren 7 eta 18 artean munduko surf txapelketa izango da Brasilen. WCT zirkuituko laugarren txapelketa izango da eta ikusmin handia sortu da; izan ere, lehendabiziko aldiz munduko titulua brasildar batek eskuratzeko baldintza objektiboak daude.

Gabriel Medina brasildarra da buru egun ranking orokorrean eta etxean jokatzeak beste bultzada bat eman diezaioke rankingeko lidergoa mantentzeko orduan. Maresias herriko surflari honek ezin hobeto ezagutzen ditu Rio De Janeiroko olatuak; izan ere, Copacabanako itsasertza eta Barra da Tijucako olatuetan ordu asko eta asko egin ditu surfean Medinak.

Gauzak horrela, milaka jarraitzaile hurbilduko dira de Souza edo Medina aberkideei babesa ematera, eta ikusmin handia sortu da.

Asko dira ezagunak diren surflari brasildarrak eta asko, goi mailan lehian ari direnak. Brasilek surf egiteko baldintza bereziak eskaintzen dituelako izango ote da? Zeintzuk dira urautsi ezagunenak? Zer dakigu herrialde handi honetaz?

Amerikaren ekialdean dago, baina Atlantiko osoa du parez pare; beraz, distantzia handia egin dezaketen uhinak hurbil daitezke Brasilgo hondartzetara. Itsaskiak ez dira oso handiak izango. Maiztasuna ere ez da Amerika mendebaldean bezain aberatsa, baina badira surf egitera gonbidatzen duten beste zenbait osagai, eguzkia eta uraren tenperatura epela kasu.

Munduko edozein kontinente hartuta, mendebaldeko itsasertzak izaten dira itsaski handi eta ugarienak jasotzen dituztenak. Izan ere, munduak erlojuaren norabidean ematen ditu bueltak eta itsaskiak goitik behera (ipar hemisferioan) eta behetik gora (hego hemisferioan) sortzen dira. Bidean, pixkanaka, eta ekuatorera iritsi ahala, itsaskiek indarra galtzen dute eta ia desegin egiten dira. Horrek ez du esan nahi, ordea, ekialdeko itsasertzetan olaturik ez dagoenik.

Iparraldetik hegoaldera, 7.500 kilometroko kostaldea du Brasilek. Urautsi gehienak hondartzetan sortzen dira eta maila guztientzako surflarientzako olatuak aurki daitezke. Iparraldean, Fernando de Noronha eta Natal (Rio Grande do Norte) artean daude urautsi ezagunenak. Erdialdean, berriz, Itacare inguruan, eta hegoaldean, Rio de Janeiro eta Santa Catarina artean.

Brasilen sartzen diren itsaskien iturburua Antartikan sortzen diren presio baxuetan dago. Hornos lurmuturra zeharkatu ostean, Brasil hegoalderako bidea hartzen dute uhinek, eta horregatik izaten da eremu honetan olatu gehiago.

Brasil hegoaldean surf egiteko sasoirik onena negua da, apirila eta urria bitartean, garai horretan olatuek hiru metroko altuera har dezakete. Brasil iparraldean, ostera, surf egiteko sasoirik onena uda izaten da, azaroa eta martxoa bitartean, hain zuzen. Garai horretan eurite tropikalak izaten dira Atlantikoan, eta sortzen diren haizeteen ondorioz ohi baino uhin handiagoak jasotzen dira.

Klima batez ere tropikala da, baina hegoaldean epela da. Surfean adituak direnentzat negua da bidaian joateko sasoi hoberena, ekaina eta abuztua artean olatuak handiagoak izaten baitira. Neguko arratsetan ekaitzak sortu ohi dira eta batzuetan, harrigarria badirudi ere, hotz egin dezake. Uraren tenperatura, ordea, epel mantentzen da urte osoan zehar.

Apirila eta urria bitartean, Brasil hegoaldeko kostaldeak Antartikan sortutako ekialdeko itsaskiak jasotzen ditu. Rio de Janeiroko kostaldean surfean aritzeko garai aproposa da. Horregatik egiten da munduko txapelketa ere sasoi betean.

Rio de Janeiron dauden urautsi edo hondartzak honakoak dira: Prainha, Praia da Grumari, Itacare, Praia da Tiririca eta Resende hondartza. Baina ezagunena, munduko txapelketa egiten den lekua, Barra da Tijuca hondartza da. Rio de Janeiroko hondartza luzeena da Tijuca. 18 kilometro dituen hondartza honetan ura garden-gardena da, kolore berde argia du, eta olatu politak izaten dira.

Maiatzaren 7a eta 18a bitartean Tijucan izango dira ASPko lehiakide onenak. Emakumezkoen artean ez da lehiakide brasildarrik, baina gizonezkoen kasuan, WCT itzuliko 36 lehiakideen artean zazpi brasildar daude, eta gainera egun lehenengo postuan dagoen lehiakidea brasildarra da, Gabriel Medina. Horrenbestez, ikusle asko bertaratuko da beren aberkideak animatzera.

Egun ranking orokorrean postu onean (seigarren postuan) dagoen beste lehiakide brasildarra Adriano de Souza da. Miguel Pupo ere toki onean dago, bederatzigarrena baita WCT rankingean. Gainontzekoak ez daude postu oso onetan. Hemeretzigarren postuan, Filipe Toledo. Hogeita batgarren postuan, Jadson Andre. Alejo Muniz eta Raoni Monetiro, berriz, hogeita hamahirugarren postuan daude berdinduta.

Iaz Jordy Smith hegoafrikarra izan zen txapelduna. Izan ere, surflari hau airekoak egiten maisua da eta Brasilen edozein ariketa egiteko prest egon behar du lehiakideak, olatuak oso aldakorrak baitira. Itsasoaren baldintzen arabera, airekoak, ariketa klasikoak edo tuboak egin daitezke. Hori dela eta, txapelketa honetan irabazlea nor izango den aurretik iragartzea oso lan zaila izaten da.