Billabong XXL 2013-2014: Belharran hartutako olatu batek lortu du olatu handienaren saria
Aurten, Europan hartutako irudiek XXL izendapenetan arrakasta handirik izan ez badute ere, Belharran hartutako olatu erraldoi bati esker Gautier Garanx surflariak eskuratu du Olatu Handiena saria. Urteko Surflari titulua Greg Long amerikarrari eman diote.

Joan den apirilean Billabong XXL izendapenetarako kategoria desberdinetako hautagaiak zeintzuk ziren aditzera eman zuten, eta orain hautatuen artean irabazleak zeintzuk diren esan dute, urtero bezala Los Angelesen egin duten luxuzko festan.
Bi itzulik osatzen dute olatu handietako irudien lehiaketa berezi hau. Epaileek jasotako irudiak sailkatu eta horien artean batzuk hautatzen dituzte lehen itzulian. Bigarren itzulian, berriz, finalean zeintzuk izango diren erabakitzen dute. Finalerako hautagaiak Los Angelesen egiten den ekitaldira gonbidatzen dituzte eta ekitaldian bertan jakinarazten dituzte irabazleen izenak. Beraz, lehenik irudietako protagonistak izendatzen dituzte eta gero irabazleak hautatzen dituzte.
Aurten, hautagaien artean Belharra eta Nazareko hiru irudi baino ez zituzten hautatu lehen itzulian eta horrek harridura sortu zuen; izan ere, pasa den neguan izan diren itsaski handiei esker sekulako irudiak hartu ahal izan dituzte olatu handietako surflariek Irlandako, Euskal Herriko eta Portugalgo kostaldeetan.
Europako urautsiak hautatu zituzten kategoria bakarra Olatu Handienaren (Biggest Wave) kategorian izan zen. Kategoria horretan Portugalgo Nazaren hartutako bi olatu, Hawaiiko Jawsen hartutako beste bi olatu eta Belharran hartutako beste bat zeuden hautagaien artean. Azkenean, Gautier Garanxek 2013ko abenduaren 23an Belharran hartutako olatua izan zen garaile.
Biggest Wave titulua ez da sari garrantzitsuena diru-sariei begiratuta, baina, halere, pozarren zegoen Garanx eta honela mintzo zen sari banaketan: «Hemen egotea amets bat da. Nire idolo guztiak hemen daude, izar handiak, eta gau honetan haiekin naiz. Olatu hau, dudarik gabe, nire bizitzan inoiz hartu dudan olaturik handiena da».
Kategoria batzuek besteek baino ospe handiagoa dute; Urteko Surflaria, Tubo Handiena edo Arraun Eginda Hartutako Olatuaren izendapenek kasu. Hori sari gisa ematen den diru kopuruan ere ikusten da, gainontzeko kategorietan diru sariak apalagoak baitira.
Urteko surflari izendatzen dutenak jasotzen du sari handiena, 50.000 dolar amerikar. Tubo handiena egiten duenarentzat saria 15.000 dolarrekoa izaten da. Olatu handiena hartzen duenarentzat saria apalagoa da, 10.000 dolarrekoa; izan ere, gehienetan olatu handiena hartzeko uretako motor baten laguntza izaten da, eta horrek meritua kentzen dio balentriari. Diru sari txikiena ematen duen kategoria, berriz, erorketa handienaren saria izaten da, 2.000 dolarrekoa.
Aurten, Urteko Surflariaren (Ride of the Year) saria Greg Long estatubatuarrak irabazi du, 2013ko ekainaren 7an Puerto Escondidon hartu zuen olatu bati esker. Ezker olatu erraldoi bat arraunean hartu ostean bizkarka egiten duen itzelezko tuboagatik saritu dute epaileek; izan ere, olatu hori horrela menderatzea sekulako balentria da.
Iaz, Greg Long San Clementeko surflari ezagunak, Mexikon, Puerto Escondidon arraunean hartutako olatu bati esker eskuratu zuen Mens Performance saria eta aurten leku berean hartutako olatu bati esker lortu du sari nagusia.
Pasa den urtean Greg Long garaitu eta izar nagusia izan zen Shane Dorianek, berriz, ez du zorte handirik izan aurten. XXL izendapenetan curriculum hoberena duen lehiakidea izango da ziur aski, behin eta berriz hautatzen baitituzte bere irudiak epaileek. Aurten, Urteko Surflaria kategorian izendatua zegoen, baina azkenean Greg Longek eraman du titulu hori.
Bitxia da, zeren iaz Greg Long bera titulu hori eskuratzekotan izan zen, iaz ere Puerto Escondidon hartutako olatutzar bati esker, baina Shane Dorianek irabazi zion. Aurten alderantziz gertatu da, biak izendatuak baldin bazeuden ere, Greg Long izan da irabazlea.
Gainerako sariei dagokienean, Koa Rothmanek irabazi zituen urteko Tubo Handienaren eta Erorketa Handienaren sariak. Mark Healeyek, berriz, Arraun Eginez Hartutako Olatu Handienaren saria irabazi zuen.
Emakumeen kategorian Keala Kennelly izan zen irabazlea. Bigarren urtez jarraian eskuratu du sari hau hawaiiarrak. Iaz Jawsen hartutako olatu bati esker irabazi zuen eta aurten Teahupon (Tahiti) hartutako olatu bat saritu dute epaileek.
Epaileen irizpidearen arabera, urte sasoi onena egin zuen surflaria, berriz, Grant Baker izan zen, berari eman zioten Best Overall Performance saria. Gainera, Bakerrek irabazi berri du olatu handien itzuliko munduko titulua.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra
