Jon LEUNDA
Aizkora | Urrezko lehiaketa

Gazteak euren lekua aldarrikatzen hasita daude

Ander Erasun, Jon Rekondo, Ugaitz Mugertza eta Felix Etxeberia hurrengo kanporaketa jokatzeko txartela eskuratu zuten saio estu batzuen ostean.

Ander Erasun, Jon Rekondo, Ugaitz Mugertza eta Felix Etxeberia sailkatu dira, azken asteburuan jokatu diren Urrezko Aizkorako bi jardunaldietan. Juanjo Lopez eta Donato Larretxea izan dira, berriz, kanpoan geratu direnak.

Bi saioetan, aizkolariek lan bera egin behar izan zuten. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren., Bigarren lanean, tamaina bereko enborra zutik jarrita ebaki behar izan zuten. Ondoren, 60 ontzakoa etzanda erdibitu zuten. Azkenik, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar izan zituen aizkolari bakoitzak

Larunbat eguerdian Ondategin lehiatu ziren. Han aritu ziren lanean, Ander Erasun, Jon Rekondo eta Donato Larretxea. Lehen biek lortu zuten sailkatzea, baina makina bat izerdi bota behar izan zuten. Kolpekako lanean hasi zen Erasun bidea egiten, 41ean ebaki baitzuen enborra, Rekondori baten aldea kenduz, eta 23ren aldea atera zion Larretxeari. Bigarren lanean, Erasun gailendu zen berriro ere. 1. 12 izan zen bere denbora, eta bi segundoren tartea atera zion Rekondori, eta 27 segundoko aldea kendu zion Larretxeari

Hirugarren lanean Rekondo izan zen onena, eta bera jarri zen lehen postuan. 3.07 izan zen bere denbora. Hamar segundo gehiago behar izan zituen Erasunek, eta 29 segundo gehiago behar izan zituen Larretxeak

60 ontzakoa erdibitzen ere onena Rekondo izan zen. 1.33 izan zen bere denbora eta bigarren Larretxea sailkatu zen. 1.47 izan zen bere denbora, eta zkena, Erasun geratu zen.1.49 izan baitzen bere denbora.

Azkenik, iraupen proba geratzen zen. Rekondo iristen zen aurreneko, eta Larretxea, berriz, ia-ia, kanpoan zegoen. Azkeneko proban, ordea, Erasunek erakustaldia eman zuen, eta 12 minutu eta 7 segundoan amaitu zuen lana. 13.18 izan zen Rekondoren denbora, eta 13.48, berriz, Donatorena. Denera, 17.13 izan zen Erasunen denbora, 17.,58 Jon Rekondorena, eta 19.21, berriz, Donato Larretxearena.

Atzoko saioan Mugertza II.a izan zen onena. Kolpekakoan, berdinduta geratu zen Etxeberriarekin, 50ekin, biren aldea Lopezei kenduz. Bigarren lanean, Lopezek irabazi zuen. 1.08 izan zen bere denbora. 1.10 Etxeberriarena, eta 1.12 Mugertzarena. Hirugarrengoan, 1.36 izan zen Etxeberriaren denbora, 1.42 Mugertzarena, eta 1.48 Lopezena. Laugarrenean, 2.23 izan zen Mugertzaren denbora, 2.31 Lopezena, eta 2.39 Etxeberriarena. Bosgarrengoan, 11.15 izan zen Mugertzern denbora, 12.13 Lopezena, eta 12.17 Etxeberriarena. Denera, 17 minutu eta 22 segundo izan zen Mugertza II.aren denbora. 18.32 Etxeberriarena, eta berdina Lopezena, ehuneneko batzuk gehiagorekin.

Aizkolaririk beteranoenak jadanik kanpoan geratzen hasita daude

Aizkolari gazteak behetik gora indarrean datoz, eta hori baieztatu ahal izan da azkeneko jardunaldietan. Ondategiko saioan zaharrena, Donato Larretxea, kanpoan geratu zen, bi gazteenak, Erasun eta Rekondo izan baitziren aurrera egin zuten aizkolariak.

Atzo jokatu zen saioan, gaztea bakarra zen, Ugaitz Mugertza, eta mutrikuara izan zen ekinaldiko aizkolaririk onena, eta nahiko ongi irabazi zuen gainera. Beste biak, Etxeberria eta Lopez, biak beteranoak, baina kasu honetan bietan zaharrena, Etxeberria, izan zen aurrera egin zuena, nahiz eta ehuneneko gutxi batzuk erabaki zuten bien arteko dema ikusgarria. J.L.