Ariane Kamio
Kazetaria
TXOKOTIK

#BringBackOurGirls eta beste

Boko Haram talde islamistak 200dik gora neskato bahitu ditu. Mendebaldeko hezkuntza deabrutzat jota, mendean hartutako neskak «merkatuan saltzeko» mehatxua ere egin du. Berriki, baina, trukea proposatu du taldeak. Bere presoak askatzea neskatoak libre uztearen ordez.

Gertaerak mundua alde batetik bestera zeharkatu du eta «terrorismoa» bolo-bolo zabaldu da nonahi. Baita sare sozialetan ere. Twitterren neskatoak aske uzteko kanpaina abian da. #BringBackOurGirls traolapeko mezuen bonbardaketa munduko herrialde desberdinetatik heldu da. Tartean, aurpegi ezagunak. Ellen Degeneres aktore estatubatuarra izan daiteke bat. Michelle Obama AEBetako lehen dama bestea. Etxe Zurian ateratako argazkia sareratu zuen orain egun gutxi. Kartulina zuria esku artean eta «#BringBackOurGirls» letra beltzez idatzita.

Traolak izan zezakeen eraginaz itsu, sarean nabigatzen hasi eta muntaketa topatu. Obamaren argazkiaren ondoan, musulman baten bestea. Hura ere kartulina zuria eskuan, mezu desberdin batekin, baina. «Your husband has killed more muslim girls than Boko Haram ever could». Traola ere aldatu zion. #WeCan´tBringBackOurDead. Iraganean egindakoak gogoratzeko.

Amnesty Internationalek torturaren aurkako kanpaina abiatu du orain (#StopTortura). NBEko Ituna sinatua duten dozenaka herrialdek atxiloaldian tratu txarrak ekiditeko apenas neurririk jartzen dutela salatu du erakundeak eta, are gehiago, tortura salaketek ibilbide gutxi izaten dutela epaitegietan. Ahaztu egiten direla. Artxiboen artean galdu. Frankismo garaiko torturatzaileen auzia puri-purian da eta Maria Servini epaile argentinarra paper arteko hautsak garbitu nahian ari da. Baina ez dirudi auzitegiek bidea urratzen utziko diotenik, ez hain erraz bederen. Ahanzturaren aurka borroka egitea nekeza bada, frustrazioa are handiagoa da gertaerengandik 50 urte baino gehiago igaro direnean. Aldeko haizea da, ordea, memoria bizirik mantentzea. Iragana gogora ekartzea ariketa mingarria izan daiteke usu, baina egin beharrekoa da. Beharrezkoa. Eta bai, ekar ditzatela etxera. [@arianekamio]