Julia Monge, Joseba Barriola «Maixu», Joxe Iriarte «Bikila», Iñaki Martin
Gorripideako kideak
KOLABORAZIOAK

EHtik indarrak Bilduz, troikari ez!

Kapitalari behar bezala erantzuteko, sistemaren aurkako ezkerreko sektore guztiak behartuak gaude ahaleginak batzera, izaera eraldatzaile eta pluraleko fronte politiko eta soziala eratzera

Boteretik datorkigun leloaren arabera, EBk XX. mendeko katastrofe latzen esperientziak bizi izan zuen kontinenteko jende langilearentzat askatasun publiko, aurrerapen, ongizate eta «hiritartasun sozialeko» erregimen bat ziurtatu omen du.

Alabaina, erretolika horren gezurra jadanik oso agerian geratu da. Izan ere, Askatasun, Berdintasun eta Laguntasunezko ideal errepublikar ilustratuetan oinarrituriko Zuzenbideko Estatu Demokratiko eta Soziala izatetik urrun, Europako Batasuna gotorleku bat bihurtzen ari da, kanpoaldera inperialista eta barrualdera «erdigune» eta «periferia», aberats eta pobreen, artean zatikatua.

Europa krisian eta atzerakada sozialean hondoratzen ari da, austeritatearen, atzerapen ekonomikoaren eta «egiturazko erreformen» estrategiaren presiopean. Joera hau, Alemaniako Gobernuaren, Europako Banku Zentralaren eta Europako Batzordearen zuzendaritzapean, estuki lotua dago Europan.

Europako agintariek Europan eta are mundu mailan ere, zorrotz koordinatutako ekimen batean, zor pribatuak nazionalizatzea erabaki dute, bankuen zor pribatua publiko subiranoa bihurtuz eta hori ordaintzeko aitzakiaz austeritatea eta zorra ordaintzeko obligazio konstituzionala ezarriz. Ondorioak: zerbitzu publikoetan eta gastu sozialetan murrizketak eta lan merkatuan malgutasun handiagoa, soldata zuzenak eta zeharkakoak gutxiagotzeko helburuarekin.

Krisi honek agerian jartzen du Europarako egitasmo neoliberala bideraezina zela. Ekonomia europarrak diren baino homogeneoagoak zirela aurresuposatzen zuen. Merkatu mundialean zuten lekuaren arabera herrialdeen arteko desberdintasunak areagotu ziren. Kontraesan guzti hauek -moneta batasunaren ezarpenarekin areagotuak- krisiaren aurretik emanak zeuden, baina herrialde ahulenen kontra abian jarritako zor subiranoen aurkako eraso espekulatiboekin eztanda egin zuten.

Europa berreraiki ezkerretik: Berreraikitze prozesu hau posible izan daiteke soilik baldin eta gaur egungo Europa elitista, kapitalista eta oligarkikoaren aurkako erantzun hiritar indartsu bat ematen bada. Nazioen gaindiko ahalegin komun bat premiazkoa da «beste Europa» baten aldekoa. Ahalegin hori soilik da egingarria herri europarrengandik abiatuta; hau da, bakoitza bere burujabetzatik eta ezarria dugun intentsitate baxuko demokraziak irauliz.

Gure ustez, troikaren diziplinarekin hausteaz gain, jendearen bizi baldintzak ziurtatzeak behar du izan lehentasuna, eta horrek haustura gehiago eta osagarriak bideratzea eskatzen du. Horien artean garrantzia berezia du Europako periferiako ekonomiek onartu duten ordain finantzarioak zalantzan jartzea. Pilatutako zorraren bolumena, eta batez ere, horren finantza kostua (interes tipoak) onartezinak dira. Ezin da eta ez da zilegi baldintza horietan zorra ordaintzea. Injustua delako eta zorpetutako ekonomietan berpizte ekonomikorako edo babes sozialerako edozein posibilitate ezerezean uzten dituelako. Estatu hartzekodunen bankuak eta horien ordezkari diren gobernuak, justizia sozialeko irizpideen arabera, zorra berriro negoziatzera behartuak egon dai- tezen modu bideragarri bakarra zorretan daudenek (eta elkarrekin eginik hobe) ez ordaintzea erabakitzea litzateke. Horrela berreskuratuko lukete dagokien indar posizioa. Argentinako ez-ordaintzearenak edo Ekuadorreko Gobernuaren zatizko ordainketarenak erakusten dute horrelako jarrera eta neurrien eraginkortasuna.

Ezkerreko indar desberdinei elkarrekin pentsatzera itzultzea dagokie, baita elkarrekin ere, kontinenteak bizi duen une aski larriaren diagnostiko komuna bilatu eta aurkitu eta ikuspegi politiko errealistak bezain erradikalak marraztu, bizitzea tokatu zaigun kalamitatezko garai hauek eskatzen duten bezala.

Kapitalaren eta bere instituzioen neurri honetako erasoari behar bezala erantzuteko, sistemaren aurkako ezkerreko sektore guztiak behartuak gaude ahaleginak batzeko, izaera eral- datzaile eta pluraleko fronte politiko eta soziala eratzeko, izaera desberdineko mugimenduak elkartuz: ekologismoa, feminismoa, nazioartekoa, antikapitalista, askapen nazionalekoa, oinarrizko askatasun demokratikoen defentsakoak.

Euskal Herritik: esandakoaren ildotik, babestu beharra dago ikuspegi honekin bat datozen aukera elektoralak. Espainiako legediak estatu mailako barruti elektoral bakarrean jokatzera behartzen duenez, aliantza koiuntural desberdinak osatu dira. Guzti horietatik, gure ustez, EH-Bildurena da aukera egokiena.