Gotzon ARANBURU HERNANI
ARO BERRIA «JAKIN» ALDIZKARIAN

Gidaritza berriarekin, «Jakin»-ek berrikuntza prozesua burutu du

Barne Ministro espainol Manuel Fraga Iribarnek «Jakin» aldizkaria ixteko agindua eman zuen 1969an, «abertzale» eta «progresista» izateagatik. Handik zortzi urtera berpiztu zen eta hasieratik garbi utzi zuen bere egitekoa: «Euskal kultur mugimenduaren azterbide eta eragilea izan nahi luke». Egun helburu berberak ditu, baina tresna berriak behar ditu. Berrikuntza prozesuan, zuzendaritza aldatzea izan da azken pausoa, atzo bertan emana.

Franco hil eta gero ateratako lehenengo zenbaki hartan, 1977ko urtarrilekoan, euskal kulturaren izen handiak azaltzen dira artikulugileen artean. Euskal Unibertsitatea zen aldizkari birsortuaren aurreneko zenbakiaren gai nagusia eta, beste batzuen artean, Koldo Mitxelenak eta Karlos Santamariak sinatu zituzten testuak. Joxe Azurmendik, Paulo Agirrebaltzategik eta Joan Mari Torrealdaik ere idatzi zituzten artikuluak aldizkariaren beste atal batzuetan, eta hiru horiexek osatu dute, gehi Joseba Intxaustik, ordutik gaur arte «Jakin»-en zuzendaritza.

Duela 37 urte oso bestelakoa zen euskal kulturaren egoera, eta are Euskal Herriarena bera ere. Diktaduraren ondoren, berreraikitze eta birsortze lanari ekin beharra zegoen arlo guztietan, baita kulturan ere. Euskal egunkaririk ez zegoen, telebistarik ere ez, irratiak ere bakan batzuk eta txikiak, unibertsitatearekin ez zegoen kontatzerik... Paperezko aldizkariak eta liburuak ziren pentsamenduaren, kritikaren eta ikerketaren euskarria, eta bi formatu horien arteko produktua bihurtu zen «Jakin»: aldizkari bat baino gehiago, liburu bat izatetik oso gertu. Arantzazun sortu zen, hango apaiztegiko ikasleen eskutik, 1956an.

Segituan hasi zen egurra jasotzen. 1961ean ezarri zioten lehenengo debekua, 1964an berrabiatu zen, 1969an berriro debekatu zuten, 1977an berriro abiatu, eta ordudanik gaur arte hor egon da. 40.000 orrialde baino gehiago izan dira 202 zenbakitan banatuta, euskal kulturari, euskalgintzari eta herrigintzari eskainiak. 3.000 lankidetzatik gora izan ditu, mila lankidek baino gehiagok eskainiak. Euskara kultur joera, mugimendu eta alor guztietara zabaltzea, kultur hizkuntza gisara trebatzea, gogoetarako eta kritikarako baliagarri bihurtzea, eztabaida intelektualen panoramika eskaintzea, euskal kulturako nahiz munduko gorabeherak argitzen laguntzea... horiek izan dira helburuak, eta fruituak. Maiztasuna handitzen joan da «Jakin», eta 1989tik gaurdaino bi hilabetekaria izan da.

2014 hau «Jakin»-en inoizko aldaketa handienaren urtea izango da, Joan Mari Torrealdai zuzendariaren hitzetan, nahiz eta berritze prozesua lehentxeago hasita egon. Tresna digitalak iritsi dira, Internet, kulturaren globalizazioa... eta horri guztiari aurre egin behar izan dio. 200. zenbakitik aurrera, paperezko aldizkariak eta aldizkari digitalak aldi berean ikusten dute argia. Web orrialdea ere bereziki zaintzen du Jakinek, hor jasotzen baitira paperean kabitzen ez diren material aberats askoak, eta weba baliatuko du eztabaida intelektual bizi eta dinamikoei toki egiteko. Alderdi juridikoan, joan den martxoan fundazio bihurtu zen Jakin, bere ibilbide luzean bildutako ondare material eta ez-material osoa euskal kulturaren zerbitzurako uzteko helburuz.

Orain, zuzendaritza taldea aldatzeko garaia iritsi dela iritzi diote egungo gidariek. Fundazio izaera hartuta, etorkizunean ere Jakinek helburu berberen alde egingo duela lan ziurtatu dute. Lorea Agirre buru dutela, hamalau lagun izango dira gidari berriak, sorkuntza, soziologia, komunikazio, antropologia, arte, liburugintza eta filosofiatik datozenak, denak ere euskalgintzan eskarmentudunak.

Joan Mari Torrealdairen hitzetan, garai berrietako Euskal Herriak «Jakin» berria behar du. Hori izango da atzo Hernanin aurkeztutako talde berriaren zeregina, baina behar adina laguntza izango dute orain arteko arduradunen aldetik. Torrealdai, fundazioaren lehendakari gisara, erredakzio kontseiluan egongo da aurrerantzean, eta Agirrebaltzategi, Azurmendi eta Intsausti ohorezko kide izango dira.

Lorea Agirre buru duen hamalau kideko talde berria

Zuzendaritzaren erreleboa atzo iluntzean irudikatu zen Hernaniko Orona Ideo Berrikuntza Gunean egindako ekitaldian. Lorea Agirre zuzendari berriak azken 37 urtetan «Jakin»-eko zuzendari izan dena, Joan Mari Torrealdai, ere lantaldean izango du. Berarekin batera izan ziren aurreko zuzendaritzako Joxe Azurmendik, Paulo Agirrebaltzategik eta Joseba Intxaustik, eta zuzendaritza berria osatuko duten gainerako hamabi kideak, oro har euskalgintzan lanean dabiltzanak eta horietatik asko «Berria» egunkarian ohiko kolaboratzaile direnak, gonbidatu zituzten oholtzara: Haizea Barcenilla, Harkaitz Cano, Xabier Eizagirre, Idurre Eskisabel, Patxi Juaristi, Joanmari Larrarte, Maialen Lujanbio, Imanol Murua, Andoni Olariaga, Olatz Osa, Gexan Sors eta Eguzki Urteaga. Agirrek esker oneko hitzak izan zituen aurreko zuzendaritzarentzat eta «irekitasunak eta dogmatismorik ezak» aurrera egiten lagunduko diela adierazi zuen. Joxe Azurmendik ere Torrealdairen lana eskertu zuen. GARA