Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Burua beti gorputzean

Kanpaina aurrera doa, segitzen duela esate aldera. Ez nago antxoarenaz, Europara begirakoaz nago. Ama, ama! Hamaika entzuteko gara! Are gehiago kanpainan! Mikrofonoa debaldekoa denez eta maiatzean aho inguruan oraindik euli asko ez dabilenez, hara!, ahoa zabal-zabalik! Edozer ahora! Burutik zertan pasatu izan gabe! Ea behingoz pasatzen den kanpaina eta ohiko normalkeriara bueltatzen garen, demonio! Amen. Total, hamaika entzuteko. Ez zuen, bada, Ajuria Eneako maizterrak lehengoan bota Europak arimarik ez duela! Arima? Hau kolpea! Ume garaia pasatu zitzaidan buru aldetik hori entzundakoan, umetan noiz edo noiz meza-mutilarena egiten nuenekoa, orduantxe entzun bainuen azkenekoz hitz horrena, eta egia esan, ez dakit zein esalditan. Hortaz, denbora libre apur bat patxadaz hartzen dudanean, garai hartako nire bizitzaren kontakizun kritikoa, errelatoa-edo, egin behar dut, zin dagit.

Tira, harira! Arima! Baina zer demonio da hori? Berriro jo dut apalategira, Euskaltzaindiaren Hiztegira, argi bila. Eta hona: «gizakiaren osagai espirituzkoa, gorputzetik bereiz daitekeena eta hilezkorra dena». Aitor dut sarritan gertatzen zaidala, hiztegira zerbaiten esanguraren bila joan eta denbora luzea ematen dudala han, orriak aurrera, atzera orriak, helburu nuen definizioan hitzen bat ulertu ez, eta horren esanguraren bila joan behar baitut... eta hola hitz batetik bestera abiapuntukoa ahaztuta. Total, ia denbora gehiago ematen dut etxeko apalategiaren aurrean hiztegiarekin, izkinako dendako apalategiarenean elikagaien etiketekin baino. Ene, ene! Zer da espiritua? Eta hilezkorra? Artaburua holakoa, nik uste nuen gorputzetik bereiz daitekeen bakarra burua dela! Tira, beti ikasten da zer edo zer kanpaina batean, batez ere antxoarena bada.

Espero dut laster Lakuak lanpostuak sortzeko planen bat aurkeztea, sinesgarria edo. Begira, zubiek ez dute arimarik; are gehiago, batzuek gainetik zer pasatu ere ez dute izango, AHT lekuko. Zer egin? Bada, zuria eta botilan, esnea? Ez, esperma! Eraitsi zubiok! Arkauteko akademiakoek badute horretan nahikoa esperientzia irakasteko, Kukutza gogoan. Eta hondakinak tuneletan sartu, aho inguruan tamaina egokiko harriak ordenan metatuta, non edo non intifada jatorren batean erabilgarri. Hori bai, burua inoiz galdu gabe.