Andoni ARABAOLAZA
Kirol eskalada | «Il domani» bidea (9a) bistan

Adam Ondra, astebetez Euskal Herrian «entrenatzen» izan da

Eskalatzaile txekiarrak «Il domani» bidea (9a) bistan sinatu du; estilo horretan lortu duen bigarrena da. Horretaz gain, «Iñi ameriketan» marra laugarren saioan egin zuen, eta 9atik 9a+ gradura igo du.

Ez da lehen bisita izan, eta badirudi ez dela azkena izango. Adam Ondra astebetez izan dugu gurekin. -Entrenatzen-. Baten batek esango du ez dela zuzena, baina jakinda Patxi Usobiagak txekiarraren entrenamenduak zuzentzen dituela, bada, lasai asko esan genezake, -entrenatzen- izan dela. Eta entrenatu ere egin duela baieztatu du eskalatzaile gazteak: «Batez ere Baltzolan eskalatu dut, eta hango estiloa rokodromokoan egiten denaren antzekoa da. Nazioarteko lehietarako ondo etorri zait Baltzolan eskalatzea».

Bide batez aurreratu behar dugu entrenamendu horren uzta ez dela txantxetakoa izan. Astebete eman du Euskal Herrian (egun bat Kantabrian), eta emaitza, oro har, honakoa izan da: 9a eta 8c+ zailtasuneko bide bana bistan eta bi 9a eta 9a+ landuta; hori bai, landutakoak oso saio gutxitan.

Aski ezaguna den eskalatzaile txekiarra, hots, zailtasunean beste dimentsio batean dagoen gaztea, hilaren 2an iritsi zen Bilbora. Zain zuen bere entrenatzailea, Usobiaga. Denbora galdu gabe, Kantabriako Ramales de la Victoriara abiatu ziren, eta di-da batean 8c graduko bi bide bistan kateatu zituen: -La perdicion- eta -Asfixia mental-. Beroketa lanak egin eta gero, 3an erabateko atsedena hartu, eta biharamunean Ondra Baltzolan agertu zen; izan ere, entrenamendu berezi horretarako xede oso interesgarri bezain erakargarria zuen.

Maiatzaren 4an, Euskal Herrira eginiko bisitan lortutako -sari- potoloena poltsikora eraman zuen txekiarrak: -Il domani-. 30 metroko bide hori bere entrenatzaileak, Usobiagak berak, sortu eta lehen igoera sinatu zuen. 2003. urtea zen, eta eibartarrak 9a proposatu zuen. Horrenbestez, txekiarrak bistan eginiko bigarren 9a izan da: «Hasieran ondo eskalatu nuen, baina marraren giltzara iritsi nintzenean dena ezberdin egin nuen. Orain arte bide hori kateatu dutenek sekzio hori era batera egin dute, eta nik beste batera. Hori gainditu ondoren, bigarren `arazoa' goialdean topatu nuen; izan ere, busti-bustia zegoen. Nahiz eta justu-justu ibili nintzen, azken erregeleta hartu eta soka katetik pasatu nuen».

Aipatu dugu -Il domani- bistan eginiko 9a graduko bere bigarren marra dela; lehena, -La cabane au Canada- (Suitza) izan zen. Bada, Baltzolako bidetik jaitsi bezain pronto, Ondrak adierazi zuen bi marra horien artean aldea badela: «Uste dut `Il domani' benetako 9a dela, eta bestea ez hainbeste. Baltzolakoa Suitzakoa baino zailagoa iruditu zait. Duela bi urte `Il domani' buruan nuen. Eta iazko bisitan probatzeko zorian egon nintzen, baina baldintzak ez ziren batere onak eta xede hori alde batera uztea erabaki nuen. Erabakia oso ona izan zen. Orain, berriz, egundoko presioa nuen neure buruarekin. Metodo ezberdin batekin egin dut, baina ez dut uste metodo hori 9a+ denik».

Eta gehiago

Hurrengo egunetan, Ondrak bere -entrenamenduarekin- jarraitu zuen. Aipatzekoa da, hilaren 7an, Gaubeatik (Valdegovia) pasatu zela 9a graduko beste bide batean bistan saiatzera. Hirugarrena izango zen, baina 16 metro luze den -Psikoterapia» marran -huts- egin zuen. Iñaki Marcok sortua da bide hori, Usobiagak berak sinatu zuen lehen igoera, eta Ondrak hirugarren saioan poltsikoratu zuen.

Berriro Baltzolara, planifikazioarekin aurrera jarraitzeko, eta muturreko marra gehiagotan bistan saiatzeko.

Hilaren 9an, txekiarra -Iñi ameriketan- bidearen sarreran jarri zen. Lau saio egin eta gero, Iñigo Bazterrak ekipatutako marra poltsikoratu zuen gazteak; hirugarren igoera izan da. Gogora dezagun, duela 12 urte, Rikar Otegik marraren lehen igoera egin zuela eta 9a proposatu. Bigarren igoera Usobiagarena izan zen, eta aitortu behar da, denbora luzez 9a baino gehiago eman zaiola bide horri, baina inor ez dela -ausartu- plus hori jartzen. Eta Ondra bera ausartu da horretan, harentzat 9a+ delako.

Bisitaren azkeneko bi egunak ere Baltzolan eman zituen. Eta bere azken ekarpena -Ira- izan da. Bide hori orain dela zazpi urte Usobiagak sortu zuen, baina Ondra iritsi arte ez du lehen igoerarik izan. Txekiarrak hirugarren ekinaldian lortu zuen.

Horixe da, oro har, protagonista horrek Euskal Herrian eginiko bisitan lortutako emaitza. -Beldurra- ematen du esatea, baina Ondrak dagoeneko 9a gradutik gorako 96 bide kateatu ditu! Bai, ez da txantxetakoa.