Oinarrizko direlakoan
Azken urteetako taula, ur jantzi eta abarrekin jarraitzeko asmoa dugunontzat gaitz erdi, baina oraindik gehiengo dira behar ez dituzten horiek behar dituztela sinesten dutenak Txikikeriak beharrezko dira egun. Eraiki dugun itxurazko mundu hori erreala baino hobea balitz tira, baina ez da horrela. Eta gizarte aldrebes honetara haurrak ekarri nahi dituzue? Oinarrizko direlakoan...

Maiatza da, ekaina gainean da eta uda usaina sudur zuloetatik harago usna daiteke. Udako prestatzen hasteko ordua da. Sandaliak, bainujantzia eta xukadera armairutik atera eta haren lekuan neguko txamarra astuna sartzeko garaia iritsi da. Azken urteetako taula, ur jantzi eta abarrekin jarraitzeko asmoa dugunontzat gaitz erdi, baina oraindik gehiengo dira behar ez dituzten horiek behar dituztela sinesten dutenak.
Surf denda batean bainujantzi bat erosten duenak, zeharka, nahi eta behar ez badu ere, taula orrazteko gailua ere eramango du etxera etiketa moduan itsatsita. Udako taula berria erosten duenari pegatinak eta argizari zati bat emango dizkiote. Alde bateko lema hautsi duenak, hiru lemako jokoa osorik erosi beharko du, berriz ere hilabete baten buruan, alde bereko lema hautsi, eta behar ez dituen beste lemak erostera itzultzeko.
Ispilu aurrean begiratu eta Brad Pitt topatu ez duen mozoloak, ilea horitu eta sobran ez dituen kilotxoak galdu behar dituela pentsatuko du, eta jarraian, motoan abiatuko da salbera batek hozka egiten dien bakoitzean hondartza guztiaren aurrean negarrez lotsagarri hasten diren horiekin gimnasioa partekatzera. Txirrinda estatikoan inguruan dituen kide gihartsuek hankak eta bular aldea depilatuta dituztela ikusi ahal izango du. Paradoxa bat da haietako askok lanean erabiltzen duten buzoaren ezaugarriak kontuan hartzen badira, izan ere, begiak ere ozta-ozta ikusten zaizkie, «lan orduetan», amona zaharrak egurtzen aritzen direnean. Baina tira, eskas artean, eskasak nagusi.
Beraz, mutil askok beren izate biologikoa kolokan jarri eta hanketan zein bularraldean naturak jarri dizkien ileak kentzeari ekingo diote. Gimnasioetako bezeroek barrabiletako ileak ere moztuko dituzte aldageletan haien txori txikiak zentimetro bat gehiago duela erakustearren. Eta oraindik azala zuri nuklear kolorekoa duenak ezkutuko lekuren bat topatu beharko du lehen eguzki izpiek apur bat belztu eta jendartean agertzeko moduan egon arte.
Nesken kasuan, gauza bera da, baina ezin da esan, gaizki hartzen baitituzte antzeko txantxak eta haientzat txantxak ez direnak; beraz, ez noa ur handitan sartzera, baina baieztapen bat paragrafo hau amaitu aitzin. Bai mutilen kasuan zein neskenean, halako kontuez ari garenean, orokortu daiteke. Mahai batek bi edo zazpi oin izan ditzake, baina beti lau hankekin marraztuko dugu, ardiak, zuri kolorekoak marraztuko ditugun modu berean. Beraz, salbuespenak diren kasuetan orokortu badaiteke, zergatik ez salbuespenik ez dagoenean?
Zergatik hartu dute beharrezkoak ez diren gauzek benetan beharrezkoak direnen lekua? Zergatik da hain zaila oinarrizko gauzak bere horretan aurkitzea? Eraiki dugun itxurazko mundu hori erreala baino hobea balitz tira, baina ez da horrela. Eta gizarte aldrebes honetara haurrak ekarri nahi dituzue? Oinarrizkoak direlakoan...

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda
