Eta Europan uzta dugu biltzeko
Euskararen aberastasunaz eta gunean guneko hitzen eta esamoldeen galtzeaz mintzo ginen aurrekoan. Erremediorik gabe galduko dira batzuk, asko nekazaritza munduari eta hark landareen eta eguratsaren inguruan beharrezko zituen zehaztasunei lotuak daude eta. Egun ez dugu horrelako zehaztapenik behar, ezta hitzaren bitartez euriaren trinkotasuna ikusteko premiarik ere, asko edo gutxi ari duen edo egingo duen jakitearekin nahikoa dugu.
Amonak baditu bestelako esamolde ugari, hizketaldian sarri sartzen dituenak eta nondik nora osatuak diren jakin gabe, gurean, behintzat, esanahi zehatza dutenak. Bateren batek esanahia galtzen du gure sukaldeetako atea gurutzatzerako eta besteren batek etxe ataritik apur bat urruntzerako. Baina seguru nago, beste sukalde eta etxe atarietan oso antzeko eta parekoak dituztela eta han ere hizketaldian ia ohartu gabe murgilduko dituztela, inolako indarrik egin gabe, arin-arin.
Esanahi berbera duten esaldi ponpoxoagoak topatu ditut liburu eta atsotitz bildumetan eta benetan uste dut haietan egia borobilak jasoak daudela, denboraren poderioz biltzen joan den eta liburuetan, akaso, batu ez den herri-jakituriaren muina dagoela, zuzen, apaindurarik gabe ia.
Datorren igandean izango diren hauteskundeen kanpaina honetan nahi baino gehiago etorri zaizkit burura etxean jaso edota liburuetan irakurri ditudan atsotitzetako asko. «Hauteskunde urtea, gezur urtea» dela esan ohi dute eta badiot esamolde horri ez zaiola arrazoirik falta; zenbat promes ez ote ditugun entzun azken egunotan hainbat politikariren ahotik. «Besteen akatsak ikusteko antiojoen beharrik ez» duten pertsonez diharduten atsotitzak ere badira, euskalkien aldaera desberdinetan jasoak. Haiei adibide jartzeko okasioa izan da, halaber, azken egunetan.
Jendea etxean geratzeko beldur dira politikariak, nahikoa gezur entzun eta antiojo gabeko ordezkariak ikusi dituztelako. Bada, ordea, esanguratsua den eta kanpaina honetan gogoratu dudan beste esamolde bat: «Besteren eskuekin ezta uztarik biltzen». Eta Europan uzta dugu biltzeko.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
