J.L.
sokatira

Gaztedi txapela lortzetik gero eta gertuago dago

Gaztedi A taldeak 680 kilokoan txapela lortzeko bidea egin zuen herenegun Berriatuan jokatu zen bigarren jardunaldian. Goiherri A taldearekin berdinduta geratu zen, eta aurreneko jardunaldian lortutako garaipenak balio dio lehen postuan jarraitzeko. Alde horri eutsi behar dio datorren astean jokatuko den azkeneko jardunaldian. Herenegun 6,5 puntu batu zituen talde bakoitzak.

Lehen posturako emozioa handia izan baldin bazen Gaztediren eta Goiherriren lehen taldeekin, hortik atzera ere horrelaxe izan zen. Gaztedi B taldea sailkatu zen hirugarren, 5 punturekin; ondoren Mutriku, 4rekin; Goiherri B 3rekin; Ibarra 2rekin; eta azkena, Gaztedi C puntu bakar batekin.

Nafarroako Goma Gaineko Lauko Txapelketan, ezagutu dira aurreneko bi txapeldunak. Basaburua-Imotz izan da txapelduna emakumezkoen 265 kilokoan, azkeneko jardunaldian ere onenak izan baitziren. Atzetik sailkatu ziren Txantrea, Berriozar eta Amaiur taldeak.

Mutiletan, 320 kiloko mailan lehiatu ziren, eta hemen Amaiur A taldeak irabazi zuen bai azkeneko jardunaldia eta bai txapela. Euren atzetik, Beti Gazte B, Amaiur B, Txantrea, Basaburua-Imotz, Beti Gazte eta Berriozar sailkatu ziren. Datorren astean Berriozarren izango dira saioak, eta aurreneko jardunaldiak jokatuko dira 300ekoan eta 245ekoan.