Nerea Ibarzabal eta Gorka Lazkano nagusitu dira eskualdeetako finaletan
Bizkaiko eskualdeko bertsolari txapelketan bi final jokatu dira asteburuan. Larunbatean, Nerea Ibarzabalek jantzi zuen txapela Lea-Artibaiko finalean, eta Bizkaiko txapelketarako zuzeneko txartela eskuratu du. Gauza bera egin zuen igandean Gorka Lazkanok, Durangaldeko finalean irabazita.
Ziortza-Bolibarko frontoian jokatutako finalean, Ibarzabalek Gorka Ostolazarekin jokatu zuen buruz burukoa. Azkenean, modu honetan gelditu zen sailkapena: Nerea Ibarzabal (383,5), Gorka Ostolaza Potxis (374 -Bizkaiko txapelketarako baliagarriak 251,5-), Joseba Artza Urta (246,5), Xabat Galletebeitia (222,5), Eneko Arrate (221) eta Lander Ibarluzea Aitxulua (219).
Berrizeko kultur etxean jokatutako Durangaldeko finalean, Aitor Bizkarra izan zuen ondoan buruz burukoan Gorka Lazkanok. Azken puntuazioa hauxe izan zen: Gorka Lazkano (359,5), Aitor Bizkarra (349 -Bizkaiko txapelketarako baliagarriak 232,5-), Garikoitz Sarriugarte (215), Ander Gerrikaetxebarria (210,5), Beñat Romero (208) eta Ander Salaberria (206,5).
Bi final baino ez dira gelditzen eskualde guztiak erabakitzeko. Maiatzaren 24an, Getxon egingo da Uribe Kostakoa eta maiatzaren 31n Zallan, Enkarterri-Ezkerraldekoa.
Bestalde, gaur abiatuko da Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa. Ostirala bitartean jokatuko dira kanporaketak, Deustun, Algortan, Bermeon eta Elorrion, eta ekainaren 7an Gernika-Lumon izango da finala, Bizkaiko Bertso Eskolen egunarekin batera.
Eskolartekoak
Gainerako herrialdeetan ere martxan dira eskolarteko txapelketak, Euskal Herriko XXVI. Eskolarteko finala eta egun osoko festa ekainaren 21ean izango baitira Orion. Goizean izango da bat-bateko finala, kiroldegian, eta 14.00etan bazkaria egingo dute herriko plazan. Arratsaldean, plazan jarriko den oholtzan herrialde ezberdinetako bertso-eskolek prestatutako emanaldiak izango dira. Patxi Etxeberria eta Maialen Lujanbio ere arituko dira bertsotan elkarrekin, eta bukatzeko, erromeria izango da, Obaneuke taldearekin.
Aurretik, maiatzaren 31n egingo dute Araban bertso-eskolen eguna eta eskolarteko finala, Legution. Gipuzkoarrek, berriz, Arrasaten ospatuko dute euren jaia igande honetan, maiatzaren 25ean.
Nafarroan, berriz, pasa den larunbatean 50 gaztetxo inguru bildu ziren Altsasun. Eguneko ekitaldien artean, bertsopaper lehiaketako sari banaketa ere egin zuten.
Ipar Euskal Herrian ere bertso-eskoletako haurrak apirilaren bukaeran bildu ziren Baigorrin eta sei bertsolarik lortu zuten maiatzaren 31n Hazparnen egingo den Xiberoa, Baxenabarre eta Lapurdiko Bertsulari Gazteen Xapelgoko finalerako txartela.

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
