Fotosintesi politikoa gure esku dago
Hizkuntza dugu mundua eta jendea ulertzeko bitarteko garrantzitsuena. Gauzak izendatzea garena definitzea eta esatea da. Nortasun bat eman eta nortasun bat ken dezake. Libre hitz egitea transformatzailea eta terapeutikoa izan daitekeen bezala, mingarria eta arriskutsua ere izan daiteke. Hitzak etsaiak sortzeko eta min emateko makinak izan daitezkeelako. Eta, hala ere, jendea askatzen, etsai erreal eta imajinatuak ulertzen eta, tarteka, haiek maitatzen laguntzen dute. Ez agian matematikaren magiarekin, ezta Sokratesen logika zorrotzarekin ere, baina bai hots, irudi eta emozioen bitartez. Honek guztiak botere handia dauka eta erabiltzeari uko egitea tentazio handiegia da.
Euskal Herriko diskurtso politikoetan batzuen partez nabarmena da «minbizi», «deabru» eta gisako hitzen erabilera. Behin paisaiaren normaltasunekoak eginda, kulturaren ondare, politika bera are blokeatu eta polarizatzen dute. Metafora sulfurikoak, hitz potolo-potoloak, hiperboleak... histeria bultzatu, beldurrak mobilizatu eta norbere parrokiakoen txalo errazak bilatzen dituzte. Eta komunikabide batzuek anplifikatuta emaitzak lortzen dituzte: kultura politiko kaskar askoa eta makina bat jenderengan zalantza aski hedatua, hots, hori bada euskal politikaren maila, arazoa, sentzilloki, mailarik ez egotea dela.
Nola konbentzitu daitezke euskal politikariak klorofila dutela, eguzkiaren energia hartu eta azukre bihur dezaketela? Beraien barruan goxoa den zerbait sortu ahal dutela, jendeak entzun, irakurri -eta arnasten- duen zaborra hartu eta oxigeno bihurtu ahal dutela... nola?
Gure hitzek -eta ekintzek- hedatze-uhin edo olatu bat sortzen dute. Gugan eta besteengan, gure inguruan eragiten dute. Eta hemen ere gure esku dago erabakia: jaso eta erraietaraino barneratu ditugun mina eta pozoia dena delakoa izan, erabaki dezakegu besteekin gauza berdina egitea, hitz berdinetan segitzea, odolkiak ordainetan ematea. Ala blokeoaren eta bidegabekeriaren zikloa haustearren, erabaki dezakegu oxigenoa sortzea, bizigarria den atmosfera berri bat laguntzea. Erabakitzen duguna garelako, fotosintesi politikoa gure esku hartu.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda
