Mikel Jauregi
Kazetaria
TXOKOTIK

Kaka ezin erretiratuta

Sestaoko alkatearen adierazpen arrazisten gainean irakurri eta entzundako informazio eta iritzi jariotik pare bat gauzak eman didate atentzio berezia. Eta ez da etorkinei «kaka» deitu izana; ezta herritik «ostiaka» aterako dituelako baieztapena ere; grabazioan entzun daitekeen eta higiezinen arduradunei zuzendutako mehatxu moduko hori ere ez; ezta Sestaon bertan eta hainbat forotan Josu Bergara jaunak eta honen hitzek jasotako aupada mezuak ere. Horiek denak larriak dira, oso, eta larritzekoak, asko; baina nik buruan itzulipurdika dauzkadanak, larriak izateaz gain, erridikuluak dira.

Arratsaldeko agerraldian irakurritako adierazpenean, alkateak onartzen du «kaka» kontzeptua erabili izana ez dela egokia, eta segidan gaineratzen «erretiratu» egiten duela. Horrelaxe, «erretiratu». Joder, umetan bezala. Gogoratzen gurasoen aurrean hitz zatarren batek ihes egiten zigunekoa eta, aita-amen begiratu zorrozpean, «barkatu, erretiratzen dut» esaten genuenekoa? Edota lagun-minarekin haserretzen ginenekoa, «tonto», «kabroi» edo okerragoren bat esaten genionekoa eta, handik minutu batzuetara, erdi-negarrez, normalean irakasleak behartuta, «erretiratzen dut, erretiratzen dut» errepikatzen genuenekoa?

Mila bider esan dezake «erretiratzen dut», baina ez du erretiratzerik lortuko. Ez delako bederatzi urte dituzunean bezain sinplea, gurasoen, lagunaren edo irakaslearen irribarre eta laztantxoa nahikoa zirenekoa liskarraren zio izandako hura behin betiko erretiratua gera zedin, inoiz gertatu ez bailitzan. Ez delako iguala umemoko batek alboko ikas-mahaikoari «cuatro-ojos alua» deitzea edo alkate batek etorkina iraintzea. Bergara, hark nahi izan edo ez izan, «kaka» horiek Sestaotik «ostiaka» kanporatuko lituzkeen kargudun publikoa zen atzo, da gaur eta izango da bihar. Baita Udala utzitakoan ere.

Idatzi horretan bada beste kontu harrigarriagorik. «Gaurkoa oso egun gogorra izaten ari da» onartu ostean, «niretzat, pertsona askorentzat eta Sestaorentzat» zehazten du alkateak. Hara! Beretzat, jakina izan zela gogorra; senide, lagun eta gertukoentzat, noski; alderdiarentzat, zalantzarik ez. Baina bere burua belarrietaraino kakaztu eta gero, zertara dator herri osoa zimaur pila berean sartze hori?