Ariane Kamio
Kazetaria
TXOKOTIK

Bipolaritatearen botikak

Bipartidismoaren amaiera, bai ala ez. Horixe da hauteskundeek utzitako argazki esanguratsuenetako bat. Alderdi handiek (PP eta PSOE) 2,5 milioi boz galdu dituzte bakoitzak, bozetara deitutako herritarrek ezarritako zigorraren zantzu nagusienetakoa izan daitekeena. Estatu espainola esnatzen ari ote den pentsa daiteke, egungo krisi ekonomikoak erreakzionatzera eraman ote duen orain arteko biztanle masa bipolarra, eta gaixoaldi horri tratamendua jartzeko alternatibarik bilatu ote duen.

Badirudi baietz. Eta kazetaritzak eman ditu beharrezko botika horiek. Estatu mailan, Pablo Iglesiasek. Euskal Herrian, Josu Juaristik. Ordenagailuak eta kamerak atzean utzi eta historiaren hurrengo orrialde zuria Bruselako bulegoan idaztear dira.

Iglesiasena aurreikus zitekeen. Hasieratik arrazoibide xehea baliatu du Iglesiasek. Herritik eta herriarentzat egindako hautagaitza burutu du eta esamolde berriak baliatu ditu Estatuko bozkatzaileen alternatiba pizgarri gisa. Norbanakoaren beharrizanak bere egin ditu eta horrek konfiantza botoak eskuratzera eraman du kazetari eta irakasle madrildarra. Milioi bat lagun baino gehiagoren babesa eskuratu du eta beste lau alderdikiderekin batera abiatuko du Europarako bidea.

Josu Juaristirena sorpresa izan da, atsegina. Abstentzioak eta Europako Parlamenturako hauteskundeek sortzen duten gogogabetasunak zalantzaren eremuan dantzan igaroarazi ditu kanpainako egun gehienak (baita gainontzeko alderdietan ere). Herritik herriarentzat egitea ez da gauza berria Kantauri itsasoko inguruotan, eta erronka, beraz, bikoitza izan da oraingoan.

Olatuaren gainean laprast egitea zoramena izan zen 2011n. Urteetan euskal instituzioetatik at egon eta birkonkista hura hauspoa izan zen ezker abertzalearentzat. Udaletako eta Aldundiko higadurak bazirudien olatua hondartza bazterrera bits hilkor itxuran eramana zuela. Baina argi da mareak atzera egin eta 325.000 partikula berrirekin uhina berriz harrotu dela. Bipolaritaterako baino, haize berriaren botika izan da Juaristik emandakoa, eta efektua egitea lortu du. Aurrerantzean, eman egurre! [@arianekamio]