Martxelo DIAZ

Etxarriko Udala jomugan jarri nahi dute galdeketa dela-eta

Apirilaren 13an Etxarrin egin zuten herri galdeketan Udalak parte hartu zuen ala ez galdetu zieten atzo ekimen horren bultzatzaileei Altsasuko Guardia Zibilaren kuartelean. Galderari erantzunez, galdeketa herritarrek eskubide demokratiko bat gauzatzeko antolatu zutela eta 200 lagunen ahaleginarekin aurrera atera zela esan zuten. Herritarren eskubide bat praktikan jartzen duen jarduera baten aurka ikerketa martxan jarri izana ere salatu zuten.

Etxarri Aranazko Udalak parte hartu al zuen galdetu zieten atzo, Altsasuko Guardia Zibilaren kuartelean, apirilaren 13an Euskal Herriko independentziari buruzko herri galdeketa antolatzeko lanean aritu ziren Mikel Mundiñano eta Manu Gomezi. Lekuko gisa aritu ziren biak Fiskaltzak deituta eta galdeketa herritarrek herritarrentzat antolatu zutela nabarmendu zuten.

«Lehen minututik erabat gardena izan da ekimen hau. Udalak ez du inolako parte hartzerik izan. Lehen bileratik azken egunera arte ekimen herritarra izan da. Udalak ez du parte hartu», esan zion Gomezek GARAri kuartelean deklaratu eta gero.

Mezu bera zabaldu zuten ekimena aurkeztu zutenean eta komunikabide ugariri azken hilabeteotan egindako adierazpenetan. Etxarriko alkate Joxi Bakaikoak berak ere hori bera esan zuen apirilaren 13an, eta pozik zegoela herritar gisa eskubide demokratiko bat gauzatu ahal izan zuelako. Gainera, galdeketa herri ekimenaren ahaleginagatik aurrera atera zela nabarmendu zuen egun hartan bozkatu eta gero.

Atzo, Etxarriko bi herritar deitu zituzten deklaratzera, baina Manu Gomezek gogorarazi zuenez, 200 etxarriar baino gehiago jardun ziren galdeketa antolatzen. «Hori galdetu diet, zergatik deitu gaituzten gu. Egia da ni bozeramaile lanean aritu naizela, baina herritar ugarik egin du lan», esan zuen.

Horrekin batera, Gomezek gaineratu zuen apirilaren 13an Etxarrin egin zen galdeketa jarduera erabat demokratikoa izan zela. «Herritarrei beren iritzia modu demokratikoan agertzeko aukera eman zitzaien. Herritarrek herritarren eskubide demokratiko bat gauzatzeko egin zuten lan», adierazi zuen.

Alde horretatik, Fiskaltzak galdeketaren kontrako ikerketa martxan jartzea gogor kritikatu zuen Gomezek. «Diru publikoa erabiltzen ari dira herri ekimenak eskubide demokratiko bat gauzatzeko egin zuen lana ikertzeko», salatu zuen.

«Demokraziaren monopolioa apurtu genuen galdeketarekin eta monopolio hori dutenek gure ekimena kriminalizatzeko helburuarekin abiatu zute ikerketa», gaineratu zuen. Bide batez, Etxarrin Euskal Herri osorako egokia den bide baten lehen urratsa ere egin zela nabarmendu zuen. «Eta hori ere ez dute gustuko», erantsi zuen.

Ideia bera nabarmendu zuen EH Bilduk ere: «Etxarriko biztanleek beren iritzia emateko aukera izan zuten eta hori da, hain zuzen, min egiten diena: herritarrok hitz egin eta iritzia ematea». Gasteizko Legebiltzarraren ebazpenak eta ekainaren 8ko Gure Esku Dago ekimenak ere ildo horri eusten diotela gaineratu zuen. «Herritarren eskubideen kontrako neurriek ez dute tokirik gure herrian», adierazi zuen EH Bilduk.

Sakanako Geroa Bai-k herritarren iritzia jakiteko ekimenaren kriminalizazioa kritikatu zuen, Etxarrin herritarren %42k parte hartu zutela oroitaraziz, eta Fiskaltzari ikerketa artxibatzeko eskatu zion.