Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

«Fracking» elektoralaren argira

Kanpaina joana da, antxoarena ez, bestea, demontre! Hauteskundeak ere dira joanak, emaitzak mahaien gainean eztabaidagai utzita, zenbat buru hainbat aburu direla. Habemus legebiltzar berria Europa zer horretan, fumata zuria izan dela, momentuz Errusiatik ekarritako gasezko fumata. Tira, harira! Parte hartze urria izan da Europakoetan, maiatza izanda ere urria, Egiptokoen tamainakoa. Amen. Emaitza orriak mahaiaren bazterrean utzi eta astelehen goiz-goizean hasi ziren hemengo batzuek gainean bestelako paperak metatzen, eta ez konposta egiteko asmotan, prezisamente. Hau bai kolpea, onartu beharra daukat! Nondik eta Europatik heldu dira lanpostu aukera berriak! Horra! Zenbat exekutiba ez ote dira berriztu beharko! Zenbat udako ikastaro ez ote duten burutu beharko, curriculuma gizentze aldera, sozialisten klusterreko exekutibetan hutsik geratutako postuak bete nahi dituztenek! Ama, ama! Ikusteko dago, hala ere, etxaurrea besterik ez ote duten berriztuko, hainbat exekutibatan aldamioak ipintzen hasiak dira eta; kanpotik ipini ere, barrutik zer izango auskalokoa dela, diskrezioz. Poeta andaluzak zioena gogoan, gaixo egotea baino txarragoa da mediku eskasa izatea.

Hortaz, hainbat orkestratan ere lanpostu deialdia! Sinfonikoetan ez, ganberako orkestratan, azken finean hauteskundeak hango ganbera osatzekoak izan dira. Tira, akordeoilari falta geratu da hura, ganberan beste soinu batzuk lehenetsiko dituztela. Eta akordeoia jo izan ei duena talde berri bila hasi omen da, Hamelin inguruan ote? Gure beheko Estatuan rap talde transgenikoren batean akaso? Jainkoak berak baleki! Aukerak behintzat baditu eskura, atzamarretan trebezia galdu ez badu behinik behin, udaren atarian izanda jazzaldiak nonahi direla, eta tartean jazarraldiak ere.

Bada bai, haustura sumatu da hainbat alderditan. Fracking elektorala, edo. Eta fracking idatzi dudala, hau kolpea! Jainkoak alderdira bildu eta frackingak alderdian bereiztu! Argituko ote du alderdi bizkaitarrak bere jarrera? Ala Lurralde Historikoen Legean ezkutatuko da oraingoan ere? Txokolate on-onetan ere kakao gutxiago izaten da jelkideen orean baino. Eta argitzekotan, Garoña berriro zabaldu nahi duen konpainia lagunaren argipean egingo al du? Ez, ez nago jesuitez, demonio!