J.L.
Sega | Gipuzkoako Txapelketa

Aiako Andatza auzoan abiatuko da betiko erako aurtengo denboraldia

Segalarien denboraldia pasa den igandean hasi zen Euskal Herrian, baina betiko erako aurreneko saioa gaur izango da, Aiako Andatza auzoan; Aristerrazuko belardian jokatuko da kanporaketa.

Zortzi segalari arituko dira, eta bi multzotan banatuta neurtuko dira. Bakoitzeko bi onenek lortuko dute finalean aritzeko txartela. Segalari bakoitzak ordu erdi izango du lanerako, eta tarte horretan belar kilo gehien ebakitzen duenak lortuko du garaipena, eta kasu honetan, multzo bakoitzeko bi onenek jarraituko dute lehiaketan.

18.00etan, A multzokoak lehiatuko dira, eta hor Esnaola, Kanflanka, Irazustabarrena eta Pardo arituko dira. 19.00etan, Lizaso, Garaialde, Gabirondo eta Merkader neurtuko dira.

Sokatira

Lur gaineko Txapelketako lehen jardunaldia jokatuko da gaur 640ko mailan. 17.30ean hasiko da Urdulizen gaur arratsaldeko norgehiagoka. Pisu honetan ere hiru jardunaldi izango dira, eta horretan erabakiko da txapelduna.

Mutriku, Gaztedi A, Gaztedi B, Gaztedi C, Goiherri A, Goiherri B eta Getxo arituko dira nor baino nor. 680koan Gaztedik eskuratu zuen txapela, eta ikusi beharko da ea maila honetan ere gauza bera lortzeko gai den. Garbi dago faboritoen zerrendan agertzen direla, baina Goiherri ere kontuan hartu beharko da, aurreko urteetan onenak izan baitziren.