Bergaran jai giro betean, pentekosteak hasita
Bitorianatxoren jaitsierarekin batera hasi dira Pentekoste jaiak, urtero legez. Jaione Isazelaia alkateak agurra irakurri eta gero, eta behin Reyes Azkoitiak txupinazoa jaurtita, jai giroa nagusitu da Bergaran beste urte batez; ez Guti ez Felisin ez dira balkoian egon, baina Pilota Eskolako txikienen babesa izan dute plazara hurbildutakoek. Jaietan izaterik ez dutenak gogoratzeaz gainera, herritarrei parte hartzera dei egin die Isazelaiak bere agurrean.

Bergaran pilotaren alde egin duen lanaren aitortza izan da Azkoitiak txupinazoa botatzearen arrazoia. Gainera, nagusiki gizonena den kirol honetan berak egindako ekarpena nabarmendu nahi izan dute; emakumearen eta pilotaren arteko harremana aztertzen duen lan bat egin dute Bergaran, eta era berean horrekin lotuta proposatu zuten Azkoitia.
Aurten hiru nobedade nagusirekin iritsi dira pentekosteak, eta garrantzitsuena igandekoa izango da. Bihar, ekainak 8, Gure Esku Dago ekimenak deituta Durango eta Iruñea batuko dituen giza katearekin bat egin du Bergarako Jai Batzordeak, eta honela, GED Eguna ospatuko dute. Ohituraz, egun lasaitxoa da igandekoa; aurten, berriz, egun osoko egitaraua antolatu dute egunaren bereziaz baliatuta. Goizean, ekitaldia egingo dute Euskal Herriko beste hainbat txokotan bezala, eta jarraian, txikienen (eta kasu askotan, helduagoen) gozamenerako Irrien Klubak ikuskizuna eskainiko du. Bazkalostean musikaren txanda izango da, eta gaurko parranda gehien luzatzeko asmoa dutenak hurbiltzeko bezalako kontzertuak izango dira: Gose eta Esne Beltza arituko dira, Emon taldeko bergararrekin batera.
Azken urteetan egin den bezala, lehiaketa bidez aukeratu dute jaiak iragartzeko kartela. Oraingo honetan, Aitor Marauri bergarar gaztearen lana izan da garailea, eta erraldoiak dira afixaren protagonista. Hain zuzen ere, bigarren nobedadeak honekin du zerikusia. Egunotan, Bergara erraldoien topagune bilakatuko da; Kataluniatik erraldoi taldea iritsi da Gipuzkoako herrira, eta horiekin batera, Mutrikuko eta Hernaniko erraldoiek ere parte hartuko dute jaietan. Horrela, guztiak batera, hogei erraldoiko taldeak bi kalejira egingo ditu gaur; bata, 12.00etan, eta bestea, berriz, 18.00etan.
Iparraldea Bergaran
Hirugarren eta azken nobedadeak zapatuetan San Martin plazan egiten diren kontzertuekin du zerikusia. Azken urteetan bertan egin ohi izan den erromerian parte hartzaile kopurua asko jaitsi dela ikusita, bultzadatxo bat ematea pentsatu dute Jai Batzordekoek. Hori horrela, Ipar Euskal Herriko artistak arituko dira, euskal kantuak abestuz: Anje Duhalde, Erramun Martikorena, Caroline Philips eta Mixel Ducau arduratuko dira gaua girotzeaz. Azken urteetan nabarmen indartu da musika eskaintza Bergaran, eta adibideetako bat da hori. Horrez gain, hainbat urtez erretiroa hartuta izan ostean, Kashbad taldea tauletara itzuli da eta Bergaran jo zuen atzo.
Asteburua igarota ere badago zer egin Bergaran. Astelehenean bertan, Kuadrillen Eguna ospatuko dute. Herri bazkaria izan ohi da egun horretan; hala ere, ez saiatu txartelik hartzen, duela aste batzuk salgai jarri eta ordu erdira bukatu ziren-eta. Jaiak asteartean bukatuko dira, Bitorianatxoren itzulerarekin, baina aurretik, frontoirako zaletasuna dutenek aukera izango dute lehen mailako pilota partida ikusteko; 17.00etatik aurrera izango da hori.
Falta direnak gogoan
Gaur, larunbatarekin, jaiak ospatzerik ez duten bergararrak gogoratzeko eguna izango da. Hala, Elkartasun Eguna ospatuko dute, egitarau bereziarekin. Eguerdian, bazkaria egingo dute, eta horren ostean, Fermin Balentziak kantaldia eskainiko du. Musika eskaintzak arratsaldean izango du jarraipena: alde batetik, rock maratoia berreskuratu dute; bestetik, iluntzean, La Jodedera, McOnak eta Arkada Social taldeek kontzertua eskainiko dute.
Azkeneko urteetan bezala, egoera berezia izango da Jose Luis Elkororentzat. Bergarako alkate ohia etxean dago preso 2010az geroztik. Halere, badago ospatzekorik ere: 17 urtez erbestean egon ostean, Miren Aierbek eta Enrike Jauregik pentekosteak herrian ospatu ahalko dituzte berriro. A.M.

López de Gereñu, primer muerto con Juan Carlos I

«Unerik politena buruz burukora bi anaiak pasa ginela jakitean izan zen»

El sondeo de Lehendakaritza vuelve a dar la victoria al PNV en la CAV

Tras el fin de la guerra en Ucrania, ¿confrontación Europa-Rusia?
