Jon LEUNDA
Aizkora | Urrezko lehiaketa

Nazabal buru dela izango da finala

Etxarriko aizkolaria izango da txapela lortzeko faboritoa. Berarekin batera, Atutxa eta Rekondo ere arituko dira amaierako saioan.

Urrezko Aizkorako finala jokatuko da gaur, arratsaldeko zazpietatik aurrera, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Bertan Floren Nazabal, Aitzol Atutxa eta Jon Rekondo lehiatuko dira txapela lortzeko asmo eta helburuarekin.

Floren Nazabal da egungo txapelduna, eta bera aterako da garaipena lortzeko faborito ere. Inor gutxik jartzen du bere garaipena zalantzan, baina beste biak galtzeko oso gutxirekin joango dira eta presio guztia izango du nafarrak. Hala ere, eskarmentu handikoa da, eta guztia ondo gainditzeko gai izango da. Bere lana ongi egiten badu, ez dute gainerakoak lan erraza izango bera menderatzea.

Aitzol Atutxa da askorentzat etorkizuneko txapelduna. Oso gaztea da oraindik, baina egungo aizkolaririk onenetakoa da dagoeneko. Bizkaian ez dauka aurkaririk, eta Euskal Herri mailan ere mailarik gorenean dabil. Mutil handia eta indartsua da, eta kolpea ere horrelakoa du. Lan hauek ongi doazkio, eta galtzeko gutxirekin joango da. Kontuz ibili beharko du Nazabalek berarekin.

Jon Rekondo ere galtzeko gutxirekin joango da Azpeitiko final handira. Leitzarra askotan nerbioekin borrokan ibiltzen da, eta horiek gainditzen baldin baditu, beste bi aurkariak estu hartzeko gai da. Bere hasierako helburua finalean izatea zen, eta behin hori lortuta, lasai joan beharko luke gaurko saiora.

Urrezko Aizkora honetan lanak laburrak baina azkarrak izaten dira, eta azkenerako horrek sortzen die nekea. Normalean iraupen proban erabaki beharko litzateke lehia, baina zutikako enborrek ere min handia egin izan ohi dute. Dena dela, zutikako lanetan ere ongi moldatzen direnetakoak dira hiru aizkolariak, eta arazoren bat izan ezean, horrek ez luke ezer erabaki behar. Dena dela, lanak laburrak izanik, enborrak ere izan daitezke epaia jartzen dutenak; izan ere, adarren bat ateratzea nahikoa izaten da denbora galtzeko, eta hori gertatuz gero, bakarren bat ere gera daiteke finala irabazteko inongo aukerarik gabe.

Lan luzeagoa

Orain arte egin dutena baino lan luzeagoa izango dute gaur egin beharrekoa. Hori bai, hasteko, orain arteko proba guztietan bezalaxe, 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu izango da aurreneko lana.

Bigarren proban, tamaina bereko enborra izango dute aurrean, baina oraingoan erlojuz kontra ebaki beharko dute. Hirugarren lanean, 60 ontzako zutikako enborra ebaki beharko dute, eta hor egongo da orain arteko aldaketarik garrantzitsuenetakoa, aurreko kanporaketetan tamaina horretako zutikako enborrik ez baitute erdibitu. Laugarren lanean, tamaina bereko etzaniko enborra moztu beharko dute.

Bosgarren lanean, zutikako kana-erdiko bat eta etzaniko beste bat ebaki beharko dituzte. Eta azkenik iraupen proba iritsiko da, eta hor ere orain arteko probetan baino lan luzexeagoa izango dute, bakoitzak lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu beharko ditu.

Txapelketa honetan izen garrantzitsu batzuk falta diren arren, hasieran faboritoen zerrendan agertzen ziren hirurak izango dira gaur arratsaldeko finalean. Azkenengo saio hau Azpeitian jokatuko da, baina ez da gipuzkoarrik izango. Nafarroak izango du gehiengoa bi aizkolarirekin, eta hirugarrena Bizkaikoa izango da. Ikuskizuna prest dago, eta ikusle kopuru oso ona espero dute Izarraitz pilotalekuan.

Gaztetxoen norgehiagoka ere erakargarri ageri da

19 urtez azpikoen finala ere jokatuko da gaur Izarraitz pilotalekuan, eta bertan neurtuko dira Vicente II.a eta Larrea III.a. Finala oso erakargarria ageri da, nahiz eta Vicente II.a agertuko den finala irabazteko faborito. Neurketa honetan nafar bat eta bizkaitar bat lehiatuko dira, eta etorkizunean zeresan handia emango duten aizkolariak dira.

Iker Vicente da irabazteko faboritoa. Urtetik urtera pauso bat ematen du aurrera, eta berarengan itxaropen handia dago. Plazetan ere eskarmentu handia hartu du. Larrea ere gora egin duen aizkolaria da eta saiatuko da Otsagabiakoa estu hartzen. Hauek ere lan lan laburrak egingo dituzte, eta horietan deskuidurik txikiena ere garesti ordaintzen da.

Abiada handian gora datozen aizkolariak jardungo dira gazteen finalean

Sekulako abiadan gora datozen aizkolariak lehiatuko dira gaur 23 urtez azpiko finalean. Bertan, Ander Erasun, Ruben Saralegi eta Eneko Otaño izango dira aurrez aurre.

Aurreneko biak Euskal Herri mailan jadanik Lehen Mailan daude, eta Otaño, berriz, Bigarren Mailan. Azken hau izango da, gainera, gaurko final ezberdinetan arituko den gipuzkoar bakarra. Gainera, bere herritik gertu arituko da, Beizamakoa baita.

Faboritoak aipatzea ez da erraza, denek izango baitute irabazteko aukera. Erasun eta Saralegi sasoi betean datoz; azken hau gainera sekulako urtea eginda dator, eta indarrez gainezka sumatzen zaio.

Hiruretan gazteena da Eneko Otaño, eta agian galtzeko gutxien duena ere bai. Presiorik gabe, berea egitera joango da gaurko finalera, eta agian ezustea eman dezake aizkolari gipuzkoarrak.