Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Meteosat lekuko

Pantailaren aurrean paratu naiz gaur ere, astero egin modura, teklak berotzeko animoaz. Elefanteak gogoan. Eta burua lanean ipini dut, aste honetan gure beheko Estatu antzeko horretan zer edo zer interesekoa izan ote den bilatu nahian. Baina alferrik, ohikoaz aparte, berririk ez. Tira, Renove plan bat-edo jarri ei dute han abian, opera antzeko antzerki musikatuaren izeneko jauregian bizi den maizterraren karrozeria berrizteko edo. Adams familia etorri zait burura une batez, etxea eta guzti. Haxe familia! Tira, harira! apenas berririk handik. Hemen zentratu beharko!

Horra! Noiz eta Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren bueltan, honetantxe argitu da, berriro argitu ere, berdez zergatik doazen; uniformeak inguruarekin mimetizatu ditzan! Meteosaten ikusmiratik ezkutatzeko edo. Baina inoiz baino argiago geratu da oraingoan zergatik garai batean «madera» esaten zitzaien; izan ere, egur-trafikatzaileak dira! Basotik egur lapurtua eskuan ateratzen ikusiak izan dira eta. Ama, ama! zuhaitz batzuek ez dute kameleoi transgeniko horiek basoa bere osoan ikusten uzten. Tira! Seguruenik bada bestela ulertu duenik ere, egurra gatazkaren ondorioez hitz egiteko mahaia egiteko dela pentsatuta. Amen.

Bitartean, Meteosatek bai jasoko duena, bai jasotzen ari dena, halabeharrez, giza-kate luzea da. Erabakitzeko eskubidea, erabateko eskubidea dena, gauzatze bidean egiten ari den esku-katea. Eskubideak betetzen ez badira, esku-bide bihurtu daitezke, hots, eskuetarako bideak. Azkenean heldua da E eguna, eta hamaika lagun lehorreratuko dira gaur errepideetara, egun batez behintzat errepideen zentroa bazterrean dela. Eta pentsa, euskaraz ez dago hamaika baino gehiagorik. Bestelako bide-orria da gaurkoa, besteekin uztartzekoa. Bazterretatik urrats handiak gauzatu daitezkeen erakusle! Hori bai, eskutik eskura pasatzeko mezua da hau, inongo bidegurutzetan ez eman bidea eskumatik datorrenari! Hortaz, hamaika gorputz katean, halako bi esku; arimaren bat ere bai, agian. Tira, denak kate! Gizakiak legez batzuetan kate propioak maite ditugun seinale; lege arrotzak maite ez ditugun seinale. Inongo koroarik onartzen ez dugula, demontre! Monetatan ere ez, demonio! Hori bai, gu errespetatzen gaituztenak errespetatzen ditugu guk. Eta gerokoak geroko.