Andoni ARABAOLAZA
Boulderra | Espainiako Kopa

Euskal ordezkariak, behin-behinean lehen sailkatuen artean

Blokeko Espainiako Kopak dagoeneko bi hitzordu izan ditu jokoan. Euskal selekzioaren ordezkariei dagokienez, behin-behineko sailkapenean hirugarrena da Zuriñe Arrue eta Ane Mujika seigarren postuan dago.

Blokeko Espainiako Kopa hasi da dagoeneko. Orain arte bi lehia jokatu dira: Alacanten eta Tarragonan. Euskal Mendizale Federazioaren ordezkariei dagokienez, aipatu behar da behin-behineko sailkapenean lehen postuetan direla. Zuriñe Arrue, adibidez, hirugarrena da, eta Ane Mujika seigarrena.

Goian esan bezala, lehen hitzordua Alacanten izan zen; hain zuzen ere, Callosa de Segura herrian. Maiatzaren 17an izan zen, eta esan behar dugu proba horren amaieran euskal ordezkariek zapore gazi-gozoa izan zutela. Lehiaren formatu aldaketa bat dela medio (Valentziako Federazioarena indarrean jarri zuten), Arruek laugarren postua sinatu zuen eta Mujikak, bosgarrena. Araudi berriaren berririk ez zuten; beraientzat guztiz ezezaguna zen. Fedme-ren ohiko araudia erabili izan balitz, biak ala biak podiumera igotzeko moduan izango ziren.

Alabaina, bi euskal lehiakide hauek lan ederra egin zuten, eta aipatutako postuak erdietsi zituzten. Alacanteko hitzordu horretan onenak nesketan Maria Alarcon eta mutiletan Javier Cano izan ziren.

Beste urrats bat

Bigarren proba, berriz, maiatzaren azken egunean, 31n, jokatu zen. Tarragonako Reus herriak lehiakideak jaso zituen. Eskaladako zailtasuneko hitzorduetan ez bezala, blokekoetan makina bat parte-hartzaile izaten ari da. Hain zuzen ere, bigarren lehia horretan 70 blokezalek hartu zuten parte.

Blokeen proposamenei dagokienez, aipatu da oro har kalitatezkoak izan zirela, baina hautatu zen eraikina oso desegokia izan zen.

Proba honetan ere, araudia Fedme-rena izan ordez, proba antolatzea dagokion federazio autonomikoarena jarri zen indarrean. Horrela izango da blokeko Espainiako lehia guztietan.

Arruek sasoiko dagoela erakutsi zuen berriro; izan ere, bigarren postua poltsikoratu zuen. Haren aurretik, hots, lehen postuan Maud Ansade geratu zen. Mujikari dagokionez, aipatu behar da zortzigarren postuan sailkatu zela.

Bi proba horietako puntuak batu ondoren, Arrue behin-behineko sailkapenean hirugarren postuan kokatuta dago, 130 punturekin. Bi puntura soilik, bigarren postuan, Alarcon du. Eta lehen sailkatuak, Ansadek, 45 puntuko aldea ateratzen dio. Mujika, berriz, seigarren postuan dago, 91 punturekin. Aipatu bezala, Blokeko Espainiako Kopak lau proba ditu. Lehen biak ia bata bestearen atzetik jokatu dira, baina ulertezina bada ere, geratzen diren beste biak azaroan egingo dituzte.

Azkenik, nabarmendu nahi dugu Arrue Fedme-k antolatutako eskalada-modalitate lehia ezberdinetan denboraldi erregularra izaten ari dela. Izan ere, blokean, zailtasunean eta rallyetan hartzen ari da parte. Blokean bigarren doa, zailtasunekoan laugarren eta rallyetan, seigarren, orokorrean eta bigarren, mistoan.