Floren Nazabalek ez du barkatzen
Etxarrikoa 16 segundo atzetik sartu zen azkeneko probara, baina amaieran minutu eta 44 segundo kendu zizkion Atutxari.

Maila nagusikoan emozioak bukaerara arte iraun zuen. Horixe zen zaleek nahi zutena, eta horixe izan zuten, nahiz eta azkeneko saioan Nazabalek gauzak bere lekuan jarri zituen. Iraupen probara Atutxa aurretik sartu zen, baina hor Nazabalek ez zuen barkatu. Aizkolari bakoitzak sei lan ezberdin egin behar izan zituen. Aurreneko proban, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu lehiatu ziren. Bigarrenean, tamaina bereko enborra erlojuz kontra ebaki behar izan zuten.
Hirugarrenean, 60 ontzakoa zutik jarrita moztu behar izan zuten. Laugarrenean, tamaina bereko enborra etzanda izan zuten aurrean. Bosgarrenean, kana-erdiko bat zutik jarrita, eta beste bat etzanda jarrita izan zuten, eta azkenik, lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituen bakoitzak.
Orain arteko saioetan baino lan luzeagoa izan zen egin beharrekoa, eta garbi zegoen zutik jarritako 60 ontzakoak min emango zuela, eta hor hasi zen Nazabal zuloak egiten, nahiz eta gero ez zen erabakigarria izan, hasieran uste zen bezalaxe, iraupen probak erabaki baitzuen. 60 ontzako enborrarekin minutu erdiko aldea kendu zion Floren Nazabalek Aitzol Atutxari, eta zerbait gehiago Jon Rekondori. Finala erabakita zegoela zirudien, baina aizkolari bizkaitarra ez zegoen gauzak erraz uzteko prest.
Ondorengoan, zutik eta etzanda jarritako enborretan, Atutxak, final nagusiko aizkolaririk gazteenak, aurka zuen aldeari buelta eman, eta 16 segundo aurretik jarri zen. Horrelaxe iritsi ziren azkeneko probara. Lehen bi postuak zeuden erabakitzeko, ordurako Rekondo atzean geratuta baitzegoen.
Iraupen proba hasi eta segituan hartu zuen aurre Floren Nazabalek, eta bigarren enborrerako aurka zuen aldeari buelta eman eta lehen postuan jarri zen. Atutxa saiatu zen Etxarrikoak jartzen zuen erritmoari jarraitzen, baina ez zuen lortu, eta iraupen proba honetan, gainera, azkena amaitu zuen. Nazabalek 14 minutu eta segundo bat behar izan zituen lanak burutzeko, 16 minutu Rekondok, eta leitzarrak baino segundo bat gehiago Atutxak. Horrekin sailkapena ere garbi geratu zen, eta hasieran denek uste bezala amaitu zen, gainera, Lehen Mailako neurketa hau.
Egin beharreko guztiak egiteko, 24 minutu eta segundo bat behar izan zuen Nazabalek. 25 minutu eta 45 segundo Aitzol Atutxak, eta 27 minutu eta 54 segundo Jon Rekondok.
Ander Erasun
23 urtez azpikoetan, Ander Erasunek lortu zuen garaipena. Aurtizko aizkolariak erabateko nagusitasuna erakutsi zuen. Hauek ere kolpekako lanarekin hasi ziren, zeinek 45 ontzako enborra kolpe gutxiagotan moztu izan zen egin beharreko aurreneko lana.
Hortxe egon zen berdintasuna; izan ere, Ander Erasunek eta Ruben Saralegik 56 kolpetan bota baitzuten enborra. Hortik aurrera Aurtizkoak aurre hartu zuen, eta amaieran alde nabarmena atera zien gainerakoei. Hirugarren Eneko Otaño geratu zen. Astean zehar gaixorik egon da Beizamakoa, eta horren ondorioak nabaritu zituen finalean. Zutik jarritako enborretan ere besteak baino gutxiago ibilita dago, eta hor galdu zuen denborarik gehien. 19 minutu eta 22 segundo behar izan zituen Erasunek bere lanak amaitzeko. 21 minutu eta 49 segundo izan zen Saralegiren azkeneko denbora, eta 29 minutu eta 22 segundo, Eneko Otañorena.
Azkenik, 19 urtez azpikoen finalean ere ez zen ezusterik izan, eta Iker Vicentek jantzi zuen txapela Julen Larrea mendean hartuta. Otsagabikoa une honetan bizkaitarraren gainetik dago, eta finalean hori ikusi zen. 10 minutu eta sei segundo behar izan zituen Vicentek bere lanak egiteko, eta 12 minutu eta 11 segundo Larreak. Okerrena jendearen erantzuna izan zen, 150 ikusle besterik ez baitziren batu. Honelako ekitaldi baterako oso kopuru txikia da, eta aldi berean penagarria ere bai, ikuskizuna oso polita izan baitzen, baina herenegun iluntzeko saioari, behintzat, jendeak bizkarra eman zion.
Behin txapelketak amaituta, laster Txapeldunen Ligaren txanda izango da, eta hor ere Floren Nazabal izango da faboritoa. Dena dela, saioak uda osoan zehar izaten dira, gainerako txapelketekin tartekatuz, eta udazkenean izaten du amaiera txapeldunen Koparekin. Lehiaketa horretan Urrezko Aizkorako aizkolaririk onenak izaten dira, eta han izango dira finalean aritu ziren hirurak, finalerdietan izan zirenekin batera.

1986: más secretos oficiales tras Zabalza y los GAL

Primer paso para garantizar el plurilingüismo en las instituciones

Reconocidos otros siete torturados por la Policía y la Guardia Civil

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7
