Surflari Ernegatua

Hondarra harrotu da

Neguko itsaskiek hondar asko eraman zuten eta ondorioak «orekatzeko» Donostia, Zarautz eta Getariako hondartzetara harea eramatea erabaki zuten «Costas y Medio Marino» ministerioko arduradunek. Zarauzko Udalak, malekoia leku batzuetan airean zela ikusita eta pasealekuaren azpialdea trinkotzeko aukera ederra izan zitekeela iritzita, bere baimena eman zion ministerioari. Sekulako iskanbila sortu da herrian.

Aldez aurretik esan nahi dut gizakiak naturan esku hartzearen kontrakoa naizela. Gizakia naturaren parte da eta beraren legeetara egokitu behar du, ez alderantziz. Beraz, ez nator bat «Kostas» eta Udalak hartutako erabakiekin. Espainiako ministerioari ez diot zertan babesik eman, baina udal ordezkariak defendatu beharrean ikusten dut neure burua, eta ez haietako batzuk lagun ditudalako, haien kontra egiten ari diren salaketa asko bidezkoak ez izateaz gain, salatariak nortzuk diren ikusita isilik egon ezin dudalako baizik.

Hiru taldetan bana daitezke Udalari egurra ematen ari direnak. Bat, «apolitikoak». Inoiz ezer esan ez, beren burua inon kokatzeko kemenik izan ez, eta Bildu Udalera igo denetik edozer esateko ausardia dutela uste dutenak. Asko surflariak dira eta sekulako txorakeriak esaten ari dira, hondarra zikina dela, usain txarra duela eta olatuak izorratu dituela. Simaurrak usain txarra duela esatea bezalakoa da. Hondar zikina den jakiteko, eskuetan hartu, igurtzi eta begiratu ea eskuak garbi dauden, edo kontran, kutsadurak eragindako behatz mutanteren bat atera zaigun. Egiaz diot, inoiz ikusi dudan hondar garbienetakoa dela. Itsusia da, bai, iluna, baina oso garbia da. Eta olatuak izorratu? Azken asteetan ez da olaturik izan.

Bi, ekologistak. Diskurtso zientifikoa ongi osatua dute. Ale bakoitzaren forma, izaera organikoa eta abar bikain deskribatzen dituzte, gero, beraiek hondartzaren zati batean egiten ari diren gauza bera hondartzako beste zatietan egitea katastrofea dela esateko. Antza, gizakiren esku hartzea onartzen dute hondartzaren zati batean, baina ez bestean. Dunak, itsasoak desegin ditu, ez Udalak, eta itsasoak nahi badu, berriz ere osatuko ditu, inoren laguntzarik gabe. Capisci?

Azkenik, eskasen taldea. Botorik ematen ez duten arren, Bilduri nahi dutena esateko eskubidea dutela uste duten soldadutza garaiko (nahiz eta asko garai hartan espermatozoideak ere ez ziren) kontzientzia objektoreak. Hauek inoiz ez dute ezer egin, ezta beren auzo elkarte, dantza talde edo filatelia klubean ere. Koherentzia, ardura eta antzerako hitzek alergia sortzen diete, baina halere, nahi dutena nahi duten moduan esateko adorea dutela uste dute. Zeren eskubidea bai, badute, baina adorea? Ez dute inoiz izan (are gutxiago gainerako alderdien kontra egiteko), ezta izango ere. Zorionez hitz egin dute eta esandakoa hor geratzen da. Esanak koherentzia eskatzen du eta koherentziak erantzukizuna. Aurrerantzean ez du balio besteek zer egin behar duten esateak.

Sentitzen dut kolore anitzetako mundu zoragarri batean bizi ginela uste zenutenengatik. Sasi demokrazian arauak horrelakoak dira. Botoa ematen dutenek baino ez dute iritzia emateko zilegitasuna, eta udal ordezkariei, haiei bozkatu zietenek baino ezin diete zerbait leporatu edo kontuak eskatu. Ez, ez nago ados, ez da justua, baina horrela da. GARA erosi ez arren egunkari honek zer idatzi behar duen exijitzea bezalakoa da.

Hondar mugimenduak jada eginda daude. Gaizki egindako zerbait da, nahiz eta ondorioak ez diren jendeak dioen bezain kaltegarriak izango, baina esaten diren txorakeriak entzunda eta nork esaten dituen ikusita, Zarauzko Udalari babes osoa eman behar diot. Akatsak dabilenak egiten dituelako, eta borondatea aintzat hartzearen aldekoa ez banaiz ere, udal ordezkariak arduraz jokatzen saiatu direla sinesten dudalako.