Kazetaria
TXOKOTIK

Herritarren ardurak eta lehentasunak

Sekula halakorik. Idoia Mendiak dioenez, herritarren «benetako ardurak eta lehentasunak» dituenak ezin du bestelako ardura eta lehentasunik izan. Edo erabakitzeko eskubidea ardura eta lehentasun duenak ez ditu herritarren «benetako ardurak eta lehentasunak», hau da, langabezia eta krisialdia.

Herritarren ardura eta lehentasunei eusteko traba nagusia ez ote da, besteak beste, Mendiaren alderdia?

Izan ere, Estatu espainolaren azken etapa demokratiko-eredugarri-baketsu-txatxipiruli honetako urte gehienetan gobernu ardura izan duen alderdia, ustelkeria ezaugarri nagusietakoa duena, arlo horretan PPren edo UPNren mailan lehiatzen dena, herritarren «benetako arduren eta lehentasunen» eragileetakoa ere bada. Azken urteko ibilbidea kontuan hartuta, gogorarazi beharra dago krisiaren hasieran bere eskuan zuela Madrilgo Gobernua, eta lehenik existitzen ez omen zen eta gero Estatu espainolari eragingo ez omen zion krisiari aurre egiteko bankuen eta patronalaren neurriko politiken bideari eutsi ziola. Krisiari aurre egiteko hartu zuen lehenbiziko neurria Ondarearen gaineko Zerga kentzea izan zen, eta berehala lehenengo lan erreforma onartu eta indarrean jarri zuen, PPri bide hori zabalik utzita. Ondoren, alderdi horrekin batera eta egun batetik bestera, Konstituzio sakratu eta ukiezina aldatu zuen, gastu publikoa mugatzeko. Jendearen «benetako ardurak eta lehentasunak» aintzakotzat hartuta, nonbait.

Mendia anderea, halaber, EAEko Gobernuko kide izan zen PSEren kudeaketapean. Gobernu hark Madrildik zetozen erreforma eta murrizketa guztiak -PSOEren zein PPrenak- onartu eta indarrean jarri zituen, herritarren «benetako ardurak eta lehentasunak» gogoan, jakina.

Jendearen ardurak eta lehentasunak. Nor da jendea? Idoia Mendia eta haren alderdiko buruzagiak? Bera eta beraren familia? Joan den igandeko giza katean ez al zegoen langaberik, hipoteka ezin ordainduta malbizi denik, Mendiaren alderdiari esker lan baldintza gero eta kaskarragoak jasaten dituenik...? Lotsa behar da, gero. Lotsarik eza, alegia.