Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Markoak margoa mugatu

Bada bai, eskuetako hatzak kexuka izan ditut aste osoan, astelehenean hasita. Aurre- ko egunean, bide bazterrean, beste esku batzuetako hatzekin laztanka ibili, amarruka ere helikopteroa joanda, eta, itxura batean, adiskidetu ere egin eta hara! kexuka! berriro ere haiekin bat egin nahian. Aste osoa eman dute horrela, hatz bat sudurzulora sartzera noanean hantxe ageri zaizkit beste guztiak, pankarta eskuan, Gora Euskal Eria!. Eta txiza egitear nagoela ere hantxe, Zure Esku Dago! maltzurki oihuka. Ez, ez da erraza eskuko hatzak haztea. Behatzak, ostera, hortxe dira, isil batean, otzanago; seguruenik oraindik orain ezin kendurik dabiltza lehengo eguneko itxaronaldiaren hatsa, eurentzat itxialdia izan zelako. Sandaliak jantzi izan banitu sikiera!. Tira, harira!. Batzuek euren esku zegoen guztia, eta bost gehiago ere, egin dute guk mendira jo genezan eta horra! errepidera atera gatzaizkie, bazterra bera denbora luze baterako zentro bilakatuz. Are gehiago, laster batean hemen ez da errepiderik izango, erribideak izango dira denak, mapa bera behin-betiko abdikatzera behartuta. Erribide, bai, h barik. Ertzaintza Herria zaintzeko edo bada, Erribidea Herriak duen bidea da. Ez nahastu, mesedez, Erdibidea zer horrekin; izan ere, edozein bidek bi norabide baino ez ditu, baina bakarra da helbidea. Hortaz, ez ginen erribidera atera Euskal Herriko Itzulia ikusteko, horren itzulian esku hartzeko baino. Are gehiago Tourraren giroa bueltan dagoenean. Egin apustua Garan! aurten denontzat izango da doanekoa, aurreko urteetan Debaldekoentzat baino izan ez bazen ere.

Ama, ama! batzuk Renove Planak jota daude egun, hainbat hormatakoa berriztu behar dute eta. Hormak beti pareta. Hori bai, aurpegia berriztuko badute ere, markoa bere horretan mantenduko. Azken finean, markoa dute funtsa, margoa baino. Eta serio nagoela, haxe kolpea egunotakoa! Bizkaiko herri txiki bateko elizan emakumeak biluzik egon direla eta batzuk kexuka. Arabako herri handi bateko igerilekuan emakumeak jantzirik egon direla eta batzuk kexuka. Zeinek ulertu? Elizak igerileku bihurtuko balira arazorik ez! edo bai, Jainkoak berak baleki!. Kolpea ere Parlamentuko simulakroa! Adierazgarria, oso. Ez noa honetaz luzatzera leialtasun instituzionalaz.