«Britainiarren bidean benetako alpinismoa egin dugu»
Lemoarrak Denis Urubkoren gonbit berezia jaso zuen: Kangtxenjungarako britainiarren bidea girora egokitu eta ipar hormaren erditik marra zuzen bat zabaldu. Lehen xedean, Txikonek gailurretik 100 metrora buelta erdia eman zuen. Bigarrena, berriz, bertan behera geratu zen hormatzarra oso arriskutsu zegoelako. Urubkorekin batera, Artem Braun, Dmitri Sinev eta Adam Bielekci izan ditu taldekide.
Alex Txikon harrituta itzuli da Kangtxenjungako ipar isurialdean dagoen britainiar bideak erakutsi dioenarekin. Oso tentea eta teknikoa iruditu zaio, eta lemoarrak bidalitako kroniken inguruan interpretazio okerrak saihestu ahal izateko, GARAri eskainitako elkarrizketan ordenagailua piztu eta behin eta berriz argazkiak erakutsi dizkigu. Zertarako? Bada, egindako eskaladaz ahal den neurrian jabetzeko eta iritzi «gaiztoak» deuseztatzeko.
Kangtxenjungako espedizioa aurkeztu zenuenean, iruditu zitzaidan asmo handiko xedea zela: britainiarren bidea girora egokitu eta bide berri bat saiatzea ipar hormaren erdi-erditik. Handik bueltan, ez al zaizu iruditzen «gehiegizko» erronkak zirela?
Bada, ziur aski bai. Alabaina, aitortu behar dut gauza bat dela etxean argazki batzuk ikusi eta aztertzea eta beste bat pareta erraldoi horren aurrean egotea. Agian, errealistagoak izan behar genuen. Denis espedizioaren burua zen, eta, beraz, hark zuzendu gintuen. Beste era batera egiten dugu lan.
Denisek gailurra egin ondoren, bide berriaren asmoa bertan behera utzi zuen. Adierazi zigun errusiar erruleta modukoa zela. Gauza bera pentsatu zuen Reinhold Messnerrek Simone Morok gure asmoen berri eman zionean: «Erabat erotuta daude».
Girora egokitzeko 1979. urtean zabaldutako bide bat aukeratu zenuten. Baina britainiarren bideak, 100 metrogatik bada ere, atzera bota zintuzten. Oso errepikapen gutxi ditu eta hortzak erakutsi zizkizuen, ezta?
Bidearen inguruan bospasei ñabardura banituen; hots, ez nuen informazio askorik. Xede baten inguruan esku artean informazio asko edukitzea ez zait gehiegi gustatzen. Beraz, informazioa banuen, baina zehaztasunik ez. Horregatik uste dut agian bide hori pixka bat gutxietsi nuela.
Zortzimilakoetan egin ditudan bide batzuekin alderatuta, hori gogorra iruditu zait. Mendi horretan distantziak oso handiak dira, uste dut K2 baino kabroiagoa dela. Dimentsio horiek zeure buruan eragin zuzena dute; ahuldu egiten zaituzte. Ez nuen espero horrela izango zenik. Gainera, bidea egin duten beste batzuek ez bezala, udaberrian jardun dugu, eta guk, bederen, izotz asko topatu dugu.
Hala ere, lehen eta hirugarren kanpalekuen artean 1.000 metro eta 18 luzeko aldaera bat egin duzue.
Batez ere serac arriskutsu batzuk saihesteko. Luze horiek gogorrak, politak eta teknikoak dira. Tartean batzuk zailak eta konpromiso handikoak ziren, eta aitortu behar dut beldurra pasa dudala. Eta gehitu behar dut aldaera hori tente baino tenteagoa dela.
Oro har, diozu britainiarren bidea teknikoa iruditu zaizula. Uste duzu soka finko gehiegi jarri zenutela? Bideak horrela exijitzen zuen?
Ez dut uste. Gainera, soka finko justua eraman genuen. Finkatu genuena finkatzekoa zen.
Gailurreko saioa egin zenutenean, zure kroniketan adierazi zenigun 7.000 metrotik gora tarte tekniko serioak aurkitu zenituztela. Adibidez, garaiera horretan 6a arrokan eskalatu zenutela diozu. Bat baino gehiago harritu duzu horrekin.
Luze gogorra zen, eta seguru gaude zailtasun hori zuela.
Eta 7.800 metrotik gora ere zailtasun tekniko handiei egin behar izan zenieten aurre. Zortzimilako batean benetako alpinismoa egin duzula uste al duzu?
Inolakoa zalantzarik, bai. Are gehiago hasieratik alpinismoa egin genuen. Fin-fin behar izan geunen jardun. Adibidez, 6.200 metroko garaieran luze kabroia gainditu genuen. Bai, asko eskalatu dugu. 7.500 metrora 5 metroko murru tente bat eskalatu genuen. Oso justu geunden, eta material gutxirekin. Horrelako adibideak asko dira.
Bielekci, Sinev eta zu tontorretik 100 metrora geratu zineten. Bieleckiren eta zure asmoa behin gailurra eginda hego isurialdetik jaistea zen eta Kangtxenjungako lehen zeharkaldia sinatzea. Bizkar-zakuetan pisu handiegia zeneramaten. Pisu gutxiago eramanda gailurra lortuko zenutela uste al duzu?
Bai, jakina. Pisua akatsa izan zen, eta disgustua hartu nuen une horretan ni taldeburu nintzelako. Gailur egun horretako erabakian nik huts egin nuen. Bai, pisu handiegia gauza onerako. Egun horretan eskalatzen egundoko jipoia hartu genuen, 18 orduko jarduna izan zen!
Zortzimilakoetan makina bat espedizio egin dituzu, eta, hala ere, kroniketan adierazi duzu gailurreko saioaren azken hiru egunak muturrekoak izan zirela.
Pisua, tarte teknikoak, garaiera Egun horiek oso gogorrak izan ziren, aipatu dudan bezala lan eskerga egin behar izan genuelako. Adibide bat: 70 metroko luze zail bat egin ondoren, ia ez ginen gai hura jumaretzeko. 8.000 metrotik gora ere sekzio gogorrak zeuden, ez bertikalak, baina bai gogorrak.
Saio horretan bi taldetan jardun zenuten, Bielekci, Sinev eta zu, alde batetik, eta Braun eta Urubko, bestetik. Ez al da arraro samarra?
Ez, horrela erabaki genuen.
Eta arraro diot, kroniketan zenion bezala, zuek aurretik joan zinetelako bidea zabaltzen eta Urubko eta Braun, atzetik, eta azkenean gailurra egin zuen bakarra Urubko izan zelako. Jakin badakigu, Urubko beste maila batean dagoela, baina pentsa daiteke zuen lanaz aprobetxatu zela.
Jende askok hori uste du, baina ez da horrela. Denisek ere lan handia egin zuen. Oso indartsua da, baina denok bezala sufritzen du. Bi talde egitearena kanpaleku nagusian erabaki genuen. Eta, inolaz ere, Denis ez zen gure lanaz aprobetxatu. Kontua da Artem indarrez oso justu zebilela, eta Denis berarekin geratu zen. Guk, berriz, aurrera jarraitu genuen.
Azken kanpalekuan geundela, Denisi esan nion biharamunean gailurrera abia zedila, ze gu leher eginda geunden. Hala egin zuen, eta di-da batean tontorrera heldu zen. Taldekako lana izan da, eta lan txukuna egin dugu. Hasieran esan dudan bezala, Denis espedizioaren burua zen. Lagun handia dut, eta berak erabakitzen duenarekin fidatzen naiz.
Urubko aipatu dugunez, jakin badakigu beste maila batean dagoela; bere alboan eskalatzea ez da erraza izango, ezta?
Bai, Denisena apartekoa da. Oso zorrotza da bere buruarekin, eta, jakina, besteekin ere bai. Adibide adierazgarri bat jarriko dizut: ordu eta erdi pasatxoan egiten genuen tartea 45 minutura jaistea lortu genuen. Denis elurretan urratsa zabaltzen eta nik atzetik ezin nion jarraitu! Kanpaleku nagusian beti entrenatzen ari zen. Beste mundu bat da; oso jatorra! Adamekin ezusteko ederra hartu dut. Uste dut progresio bikaina izango duela. Gaztea da, baina oso indartsua eta teknikoa.
Tontorreko saiotik leher eginda eta muturreko esperientzia bat igarota jaitsi zinen. Gainera, behatz bat ukituta. Ondoren, esku artean xede oso handia zenuten: paretaren erditik bide zuzen bat eta estilo alpinoan zabaltzea. Saio horretatik jaitsi ondoren, ez al zenion zeure buruari esan «eskerrak pareta gaizki dagoen, kristoren marroia kendu dut gainetik!».
Bai, bai, erabat asmatu duzu (kar, kar). Nahiz eta atseden hartu, Adam eta biok sasoiz oso justu geunden. Egoera horretan ez dut uste gai izango ginenik bide berrian saiatzeko. Britainiar bidean egundoko astindua hartu genuen. Beraz, bigarren xede hori bertan behera geratu zenean, lasaitu ederra hartu nuen.
Kangtxenjungako espedizioa behin amaituta, Euskal Herrian behatz hori osatzen ari zara eta di-da batean Trangoko Dorre Nagusira joango zara Ekaitz Maiz eta David Palmada «Pelut»-ekin. Zortzimilako batetik «bigwall» batera. Zer dela eta?
Bada, aitortu behar dizut kristoren gogoa dudala. Asko gozatu dut zortzimilakoekin, baina orain bestelako gauza batzuk egin nahi ditut. Groenlandian izan naiz, itsasontzi batean bidaiatu dut. Aldatu nahi dut. Eskalada gustuko dut, eta Trangoko Dorre Nagusia bezalako hormatzar bat probatu nahi dut. Egia esan behar badizut, ez dakit behatzarekin nola moldatuko naizen; izan ere, oraindik minduta dut. Hirukote bat goaz. Pelut eskalada artifizialeko espezialista da, Ekaitz librean oso ona da eta gero ni nago.
«Bushido» bidea errepikatzera joango zarete; duela urtebete poloniar sokada batek zabaldutako marra.
Bueno, oraindik zehazteke dugu, tartean "interesak" daudelako (kar, kar). Pelutek, adibidez, artifizialeko luze asko dituen bide bat nahi du; Ekaitzek, berriz, era askean asko eskalatzeko bide baten alde egiten du.
Pelut eta Maizen lanak nahiko argiak dira. Alex Txikonen helburua BASE jauzi bat egitea izango da?
Dario Barrio kidearen istripuaren ondoren, ez dakit zer egingo dudan. Beste kide batzuk inguru horretan ibiliko dira, baina hormatzar horretatik salto egitea ez dut oso argi ikusten; ez dut salto egiteko leku egoki bat ikusten.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
