SURFLARI ERNEGATUA

Olatuen inperioa

Scott Laderman Minnesotako Unibertsitateko (AEB) historia irakasleak «Empire In Waves: A Political History of Surfing» liburua argitaratu du. Ez du kirol hau epaitzeko inongo gogo eta asmorik, baina, berak dioen moduan, The Beach Boys musika taldea, «Gidget» telesaila edo «Blue Crash» filmak eskaintzen duten irudi laino eta tolesgabearen atzean bestelako historia bat ere badago.

Ladermanek garbi hitz egiten du: «Surfaren globalizazioa eta XX. mendean errepresioaren bitartez isuritako odola eskutik joan dira». Errealitateak harridura sor dezake begi bistan dena ikusteko gaitasunik izan nahi ez duenarentzat, baina Laderman ez da isilik egotekoa eta galdera bat luzatzen du tonu ironikoan: «Mundu mailako turismoa, Hirugarren Munduan eraikitako surf paradisuak, apartheid-a, Gerra Hotza eta mugimendu independentistak aipatuz gero, nahikoa pista ematen dira, ezta?». Izan ere, ikusi nahi ez duenak, nahi ez duelako da.

El Salvadorretik hasi eta Indonesiara, surfak, Ameriketako Estatu Batuek izandako kanpo harremanen historia modernoa irudikatzen duela argudiatzen du Laderman jaunak. Hawaii bertan nabarmendu zen turismo mota inperialak Hirugarren Mundua deitzen duten munduko lurralde aberats horiek konkistatu zituen. Hori guztia nola jaso zen azaleratzen du lan honek, eta, bidean, zenbait urrats emateko surfa aitzakia ezin hobea nola izan zen erakusten du. Zintzo hausnartzeko aukera ederra eskaintzen digu liburuak.

Izan ere, surflariok, ez ikusiarena egiten dugu, baina oso ederki dakigu erabiltzen dugun materiala nola egiten den, janzten dugun arropa nondik datorren eta zer-nolako bidaia motak hautatzen ditugun. Tarteka antolatzen diren ekimenetan limosna baino ez da biltzen, baina gure kontzientzia kristauak baretzeko nahikoa da.

Azken finean, zerbait aldatu nahi bada errotik aldatu behar da. Jarrera koherente batek egun ditugun pribilegio miserable askoren galera ekarriko luke, eta horretarako ez gaude prest. Def Con Dos taldeak esango lukeen moduan, «...no voy a disgustarme cuando quemes mi casa... Pero ándate con ojo, no te equivoques... Hagas lo que hagas, no me rayes el coche.... ¡No, no, el coche no!». Bai, zuekin gaude, baina «pasa gabe».

«Herrialde txiro» deitzen ditugun horiekiko muxuak, maitasun hitzak eta elkartasun ekimenak bai, baina egiazko aldaketarik ez, ez ditzagun abuztuan egiten ditugun bidaia «merkeak» gal. Ingurugiroa bai, baina hori ere neurrian... eta, zer gehiago, «gure esku ez badago»?

Surfa eta politika bereizi nahi izateko daukagun jarrera hori ez da xaloa, nolabait bere erantzukizuna onartu eta ezkutatu nahi duenak hartzen duen jarrera defentsiboa da. Surfa eta politika benetan banatuta izango balira, surflariak ez lirateke pertsonak izango, bestelako animaliak baizik. Edo ez litzateke munduko surf txapelketa politikari profesionalen agendan egongo, surflari eta surf zaleenean baizik.