Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Surfa

Surfa erregeen kirola: Europako lehen surflaria Ingalaterrako erregea izan zen

Europar bat surf egiten irudikatzen duten lehendabiziko argazkietan bi printze agertzen dira elkarrekin: Edward VIII.a Galesko printzea eta Kalakaua Kawananakoa printze hawaiiarra. 1920. urtekoak dira argazkiak eta Surf Britainiarraren Museoan daude.

Azkenaldian ez da beste gairik Espainiako komunikabideetan, erregea gora eta erregea behera. Gaurkoan, Erresuma Batuko errege izan zen Edward VIII.a ekarriko dugu gogora. Izan ere, istorio bitxia da berea, Europan surf egin zuen lehenetakoa izan baitaiteke, eta, gainera, balentria hura egiaztatzen duten argazkiak ere badaude.

Edward Albert Christian George Andrew Patrick David, 1894ko ekainaren 23an jaio zen Londresen eta 1972ko maiatzaren 28an hil zen Parisen, 78 urte zituela. Jorge V.a erregearen semea zen eta egungo Isabel II.aren osaba.

Oso denbora tarte laburrean izan zen errege, izan ere, 1936ko urtarrilaren 20an hil zen Jorge V.a eta bere seme Edward VIII.a igo zen tronura. Heriotzaren biharamunean bertan, protokoloa hautsi eta Wallis bere neska-lagunarekin agertu zen St Jame's jauregiko balkoian errege postua hartzen zuela esateko. Agerraldi zinez eskandalagarria izan zen, Edward VIII.arekin agertu zen emakumea beste gizon batekin ezkonduta baitzegoen oraindik ere.

Aipatu emakumearekin izan zuen amodio harremana izan zen, hain zuzen ere, urte bereko abenduaren 11n tronua uzteko Edward VIII.ak izan zuen arrazoi nagusia. 325 egun baino ez zituen egin errege bezala. Bere testigua anaiak hartu zuen, Jorge VI.ak, eta hura hiltzean egungo erregina den Isabel II.a igo zen Erresuma Batuko kargu gorenera.

1920. urteko apirilean Waikikira egin zuen lehen bidaia ofizialean kanoan ibiltzeko aukera izan zuen oraindik printze titulua baino ez zuen Edward Windsor gazteak. Kirol hura maitatzen ikasi zuen, eta, gainera, Duke Kahanamoku igerilari olinpikoa eta surf modernoaren aita ezagutzeko zortea izan zuen. Duke berak olatuak hartu eta zutik surf egitera ere gonbidatu zuen, eta zinez maitatu zuen printzeak kirol ezezagun hura, baina agendak bestelako eginkizunak ezartzen zizkion eta «Renown» ontzian egiten ari zen bidaiari berrekin behar izan zion.

«Renown» eta «Repoulse» garai hartan munduan ziren bi ontzi azkarrenak omen ziren. «Renown» gerrarako sortua izan zen, nahiz eta inoiz ez zen bataila batean erabili. 1916an itsasoratu zen eta 1948an desegin zuten. Tarte horretan, Britainia Handiko errege familiak bere bidaietarako erabili izan zuen sarri, eta, hain zuzen ere, horretan zebilen Edward printzea surfa ezagutu zuenean.

Bidaiak ez zuen, ordea, printzearen surferako grina baretu, eta, irailean, hiru eguneko atsedenaldia hartu zuen surf egitera joan ahal izateko. Surf egiteko bakarrik itzuli omen zen Waikikira eta ezkutuko egonaldi hartan David Kahanamoku izan zuen anfitrioi, Duke handiaren anaia. Lord Louis Mountbatten lehengusuarekin batera hiru egun egin zituen surf egiten, eta, azken egunean, esker ona erakusteko, zenbait argazki sinatu zizkieten Edward eta Louisek atseden egun haietan surf egiten irakatsi zieten lagun hawaiiarrei.

1920. urtean ateratako argazki horiek historikoak dira, izan ere, Edward Windsor Galesko printzea Hawaiiko olatuetan surf egiten agertzen da. Europatik kanpo bada ere, europar bat surfean ageri den lehen irudiak izan daitezke, beraz, Europako surfaren historian eman ziren lehen urratsen irudiak dira.

Europan surf egin zuen lehen pertsona nor izan zen ziur esaterik ez dago, urtero agertzen baitira datu berriak. Hala ere, egun indar gehien duen tesiaren arabera, Europako olatuetan surf egin zuen lehen pertsona hawaiiar bat izan zen.

Ez dago esandakoa baiezta dezakeen irudirik, baina, itxura guztien arabera, David Kawananakoa Hawaiiko printzea izan zen Europan surf egiten aritu zen lehen morroia. 1890an Ingalaterra ekialdeko kostaldean izan zen Kawananakoa eta inguru hartan olatuak txikiak badira ere, Bridlingtongo hondartzan surf egin omen zuen.

Urte batzuek geroago, bere seme Kalakaua Kawananakoa printze hawaiiarra izan zen Waikikiko hondartzan Ingalaterrako printzeari surf egiten irakatsi ziona. Egun hartan surf egin ostean surf taularen ondoan atseden hartzen agertzen den laukote baten argazkia da Europako surfaren historiak duen argazki zaharrenetakoa.

Argazkian, bi printze ikus daitezke: Edward VIII. Galesko printzea eta Kalakaua Kawananakoa Hawaiiko printzea. Bi printzeak, Louis Mountbatten eta David Kahanamoku lagunekin batera agertzen dira argazkian.

Surf taula bakarra zeukaten lau lagunentzat. Taula David Kahanamokurena zen, ez zuen lemarik, eta Hawaiiko koa akaziaren zurarekin egina zegoen. Ehun libra pisatzen omen zituen, alegia, 45 kilo inguru. Surf Britainiarraren Museoan printzeak erabili zuen taula haren erreplika bat dago, Greg Hall taula egileak egina. Taula egiteko ehun urte zituen koa akazia baten zura erabili zuen shaper ospetsuak.

Europako surfaren lehen aztarnak dira. Ingalaterran ere surf egin omen zuen Edwardek, baina oraindik orain ez da halako zerbait egiazta dezakeen froga sendorik aurkeztu. Edonola ere, Duke Kahanamokuk munduko zein AEBetako surfaren historian sekulako garrantzia izan bazuen, Europako surfaren historian bere anaiak izan zuen garrantzia azpimarratu behar da.