Maider Eizmendi
Kazetaria
TXOKOTIK

Begirada ondo finkatuta

Ez zait kanpora begira jartzea gehiegi gustatzen, ez behintzat emakume eta gizonen arteko desberdintasunei lotuta. Sentsazioa daukat kontzientzia hartzeko baino kasu askotan begirada okertzeko balio duela, urrutira begiratu behar horretan sudurraren puntan jarritako hura ikusteko gaitasuna galtzen dela; edota kanpora begiratze hori gertukoa ez aztertzeko aitzakia bilakatzen dugula.

Urrutira egiten dugun begiradak gertura egiten duguna fintzeko ere balio dezake; konturatzeko han eta hemen, modu batean edo bestean, urrutian eta gertuan dagoela begiratzeko eta, batez ere, ekiteko beharra. Bi hilabete pasa dira Nigerian 200 emakume bahitu zituztela eta notiziak zenbait egunetan komunikabide eta agintari askoren kontzientziak astindu bazituen ere -karteltxoekin argazkia atera zuten horietako askok bortxaz eramandako ikasleen askatasuna eskatzeko-, isiltasunean eta munduan galduta dabiltza orain, nork berriz ere agerraraziko dituen.

Indiatik datozen albiste eta irudiek ere ezinbestean behartzen gaituzte begirada herrialde horretara eramatera, ezin bestela. Bortxatu eta ondoren zuhaitzean zintzilikatu dituzten emakumeen argazkiek eragiten dute halako harra barrenean, halako ezina, halako «zerbait egin behar da» pentsatzea, halako gertakarien atzean ezkutatzen den hori salatzera, han, noski, baina baita hemen ere.

Orain gutxi elkarrizketa batean emakume batek aitortu zidan ezagutzen ez ditugun kulturak epaitzea eta haiei buruz «basati batzuk dira» esateak borrokan, edozein izanda ere, lagundu baino oztopatu egiten duela lana, errealitatea mahaiaren gainean jartzeko baino ezkutatzeko balio duela argudiatuta. Ablazioaz eta haren atzean ezkutatzen den tradizioaren indarraz mintzo zen bera. Emakumeen indarkeriaren atzean babesten den pentsaerari heldu diot nik; itxura, modu eta hitz desberdinekin han, hemen eta hurrenagokoan espresatzen denari. Sudurraren puntakoari lehenik, parean jarritakoari hurrena eta urrunxeagora begiratzera behartzen gaituenari.