GARA UHARTE
Udate

Leire Salaberria ilustratzaileak jaso du Etxepare saria

Leire Salaberriaren (Andoain, 1983) lana aukeratu du bigarren aldiz Etxepare Sariko epaimahaikideek. «Autoreak beldurra eta egonezina sentiarazteko gai den narrazioa eraiki du. Hitza eta irudia primeran uztartzen ditu eta intrigari eusten dio istorioa amaitu arte. Amaiera borobil bezain lasaigarri batez ixten du trama, irakurlea jokoaren partaide bihurtuz», euren esanetan.

Guztira 25 lan aurkeztu dira sariketara. Sari bakarra eman da, 5.000 eurokoa, egile eskubideen aurrerapen moduan. Saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du euskaraz, aurtengo udazkenean. Ilustratzailea eta diseinatzailea da andoaindarra. Arte Ederretan lizentziaduna da. 2010ean eskuratu zuen Etxepare saria Ekhiñe Egiguren idazlearekin elkarlanean egindako «Euria ari duenean» lanari esker. Peru Abarka saria 2013an jaso zuen, «Pashmina gorria» liburuarekin.

Gure mugetatik kanpo ere arrakasta lortu du. Bere ilustrazioak munduko zenbait liburu azokatan aukeratu dituzte.

Etxepare saria Nafarroako zenbait udal eta mankomunitatetako euskara zerbitzuek antolatzen dute. 2004an hasi ziren eta 2006tik aurrera haurrentzako albumak sortzeko beka bihurtu da.