Joxe Iriarte, «Bikila»
Gorripideko kidea
GUTUNAK

Urrezko Jerusalem odoleztatuta

Hiru gazte israeldarren bahiketaren ondorengo hilketa aitzakia, sionisten bonbardaketek Palestina su eta gar jarri duten argazkiak iritsi zaizkit Facebooken bitartez. Agintariek mendeku deia egin ondoren, palestinar gazte bahituaren gor- puzki kiskaldua agertu da. Ikaragarria, bi aldeetatik. Alabaina, ezin ahaztu drama horretan batzuen eta besteen ardura zein den. Ezin ahaztu israeldarrak direla Palestina okupatu eta kolonizatu dutenak, palestinarrak bigarren mailako herritar bihurtu dituztenak, askotan inongo eskubiderik gabe.

Euskal Irratiko eguerdiko musika programan jakin izan dut Israelgo abesti herrikoiena, guretzako «Gernikako arbola»-ren parekoa, beren ereserki nazionala baino ezagunagoa bakean zein gerran, soldaduek zein herritarrek abesten dutena, «Yerushalain shel zahab» (Urrezko Jerusalen) abestia, gure «Pello Josepe»-ren bariazio txikiko kopia edo plagio bat dela. Nonbait, Naomi Shanerek egileak (plagiatzaileak) Pako Ibañezi entzun zion «Pello Josepe» abestia, eta letra berria jarri, aldaketa arin batzuk egin eta konkurtso batera aurkeztu eta irabazi zuela. Handik egun gutxira, Sei Eguneko Gerra deritzonak eztanda egin zuen, eta soldadu israeldarrek, alemanak «Lili Marlen»-ekin bezala, bere abesti aberkoi preziatuena bihurtu. Hainbesteko arrakasta izan zuen, ereserki ofiziala ordezkatzeko proposamena eztabaidatu zuela Parlamentuak. Ez zuen aurrera egin, baina gaur egun, bigarren abesti ofiziala omen da.

Mikel Laboak doinu berea erabili zuen «Ihes betea» abestirako. «Ihes betea zilegi balitz, nonbait balego bakea», baina palestinarrek ez dute non bizi bakean, ezta ihes egiteko aukera, beren lurraldea armadaren zaintzapean eraikitako harresiz inguraturiko kontzentrazio eremu bihurtu baitzaio.

Beste testuinguru batean euskaldunok harro eta pozik egon behako genuke beste herriek gure tradiziotik edateaz; azken finean, giza-errariak izan ezik, denok gara unibertsalak gure txokoan errotuta. Baina, nago, plagio hori madarikatu beharko genukeela, bere edertasunean herri baten kolonialismoaren sinbolo bihurtu delako. Palestinarrek entzutean madarikatzen dutelako.

Agian egunen batean, abesti horrek beste zentzu bat har lezake eta gerta baledi anaitasunaren himnoa bihurtzen delarik, orduan poztuko nintzateke.

Tamalez, horretara heldu bitartean eta sarraskitzaileen ahotik entzutean, nire gaitzespen latzena.