Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
ITSASOA

Pico Alto 2014/2015: Makua Rothmanek irabazi du Perun munduko olatu handien txapelketa

Munduko olatu handien itzuliko lehen txapelketa Perun izan da, Pico Altoko eskuin olatu famatuan. Hamabi metroko olatuetan bikain aritu ziren esperientzia handiko surflariak, eta sekulako ikuskizuna izan zen. Makua Rothman hawaiiarrak irabazi zuen txapelketa.

Makua Rothman hawaiiarrak irabazi du aurtengo olatu handien itzuliko lehen txapelketa. Hamabi metroko olatuetan egin zen txapelketa Perun, Punta Hermosa kostaldean aurkitzen den Pico Alto urautsi famatuan, eta lehiakideak ezin hobeto aritu ziren.

Big Wave World tour (BWWT), olatu handien itzulian aldaketa nabarmenak izan dira aurten. Guztira sei txapelketek osatuko dute zirkuitua, baldin eta itsaskiek lagundu eta txapelketa guztiak egiteko baldintzak izaten badira. Horietatik hiru hego hemisferioan izango dira eta beste hirurak, berriz, ipar hemisferioan.

Aldaketa esanguratsuenak ipar hemisferioan izan dira; izan ere, aurtengoan orain arte zirkuitu honetan izen eta ospe handienetakoa izan duen txapelketa bertan behera geratu baita, alegia Mavericksekoa. Horrez gain, Oregoneko Nelscott Reef urautsian egiten zen txapelketa ere zerrendatik ezabatu dute; beraz, AEBetan egiten ziren bi txapelketak kendu eta horien lekukoa Euskal Herriak eta Hawaiik hartu dute.

Apirila eta abuztua bitartean hego hemisferioan egin ohi diren txapelketekin hasi da aurten ere zirkuitua, baina Txile eta Peruko urautsiei Hegoafrika gehitu behar zaie. Gauzak honela, hego hemisferioan egingo diren txapelketen zerrenda honakoa litzateke: Punta de Lobos (Txile), Pico Alto (Peru) eta Dungeons (Hegoafrika).

Ipar hemisferioko itzulia, ostera, 2014ko urriaren 15a eta 2015eko otsailaren 28a bitartean egingo dena, honako lekuetan izango da: Todos Santos (Mexiko), Galea muturra (Euskal Herria) eta Jaws (Hawaii). Azken hau olatu handietako urautsi ospetsuenetako bat da, Maui irlan dago eta bere berezko izena Pe'ahi da; beraz, batzuetan urautsiaren izena modu batera edo zenbaitetan bestera idatzita agertzen da.

Uztailaren 4an egin zuten Billabong Pico Alto 2014/2015 txapelketa. Egun goibela, lainotsua, haize ufada bihurriekin, eta modu basatian jasotzen ziren ur masa erraldoiak. Ez ziren baldintza errazak surf egiteko, baina olatu handietako txapelketa batek eskain dezakeen ikuskizuna bermatzen zuten osagaiok.

Lehiakideek olatua hasieratik hartu nahi zuten epaileengandik puntuazio altuagoa lortzeko eta, ondorioz, erorketa asko izan ziren. Olatua gehien altxatzen zen lekuan egotea eta olatua hartzea zaila zen, baina arriskuari beldurrik izango ez baliote bezala, lehiakide gehienak olatua puntu kritikoenean hartzen saiatzen ziren.

Peruko ur hotzetan sortzen ziren malda amaigabeetan behera biraka erortzen ziren surflariak, azpian zutena ura baino porlanezko zorua balitz bezala, eta behin aparrak irensten zituenean desagertu egiten ziren. Uretako motorretan zebiltzan sorosleek olatua pasa ostean surflaria non ager zitekeen behatzen zuten eta hurrengo olatuak azpian harrapatu aitzin bere bila joaten ziren.

Lehiakide batek baino gehiagok momentu gogorrak pasa zituen, baina surflari hauen sasoia bikaina da eta muturreko egoeretan lasai egoten dakitela erakutsi zuten. Gainera, salbamendu-jaka ere soinean izaten dute eta horrek ere laguntzen du ur azalera igotzeko orduan.

Finala ez zen edonolakoa izan, olatu handietan curriculum ezin hobea duten surflariak iritsi baitziren txapelketako azken txandara. Grant Baker hegoafrikarra, Gabriel Villaran perutarra, Makua Rothman hawaiiarra, eta hiru estatubatuar, Anthony Tashnick, Shaun Dollar eta Greg Long.

Grant Baker iazko itzuliko irabazlea izan zen. 2013/2014 itzulian bi txapelketa bakarrik egin ahal izan ziren, bata Galea muturrean (Getxon) eta bestea Mavericsen (Kalifornia) eta biak irabazi zituen Bakerrek.

Pico Altoko finalean aritu zen beste lehiakide beteranoa Greg Long izan zen. 2010. urtean bera izan zen Pico Alton txapela irabazi zuen lehiakidea eta hori bakarrik ez, 2012/2013 itzuliko txapelduna ere izan zen.

Finalean izan ziren gainerako lehiakideei dagokienez, txapelketa guztietan lehen postuetara iristen diren surflariak dira, oso ezagunak, eta, hala izanik, finala hasi aurretik ikuskizuna ziurtatua zegoen eta aurreikuspenak bete egin ziren, ikuskizuna itzelezkoa izan zen eta.

Makua Rothman izan zen jaitsiera ikusgarriena egin zuen lehiakidea eta epaileek behar bezala puntuatu zuten bere olatua, baina gainerako lehiakide guztiak ere bikain aritu ziren eta ezohiko lehia izan zen, zeren olatu handietako txapelketetan lehia nahiko erlaxatua izaten dela esan daiteke, bakoitzak nahikoa izaten du ahalik eta ondoen jardutearekin, baina Pico Alton maila bat gora egin zuten surflariek eta asko arriskatu zuten lehen postua eskuratzeko. Gauzak horrela, lehiaketa bere onenean izan zen.

Aipatzekoa da Adur Letamendia zarauztarraren parte hartzea ere. Pico Alto aritu zen europar bakarra izan zen, eta olatu eder bat hartu zuen arren, beste olatu falta izan zitzaion txanda pasa ahal izateko.

Esan bezala, ikuskizun bikaina izan zen txapelketak iraun zuen artean. Lehia gogorra izan zen eta azkenean irabazle bat, Makua Rothman, Hawaiiko olatu handietako surflari ezaguna.