Surflari Ernegatua

Rajoy edo Merkel?

Etxetik atera bezain pronto gurutzatu dut lehen ilehoria. Han doa lasai, patxadan, errepide erditik oraindik ongi menderatzen ez duen longskate baten gainean. Altua, gihartsua, begi urdina eta gose apur bat pasa zuen azken arbasoa mende bat atzera utzi duena. Zebra bidean gurutzatu dut nire eskubide guztiak dituen «giri» jatorra, eta pasadan sentitu dut bere betebehar guztiak nire izatearen zama. Zer egingo diogu ba, gure herrian beti arrotz izatera kondenatu bagaituzte? Edo hobeto esanda, kondenatu bagara,...

Kotoia, urrea, espezieak, edo bestelako gutiziak behar zituztenean, Afrika, Asia edo India aldera jo zuten. Lotsagabeki eraiki zituzten herrialdeak, marra zuzenekin mapetan itsatsiz, eta mugaldeak eraiki zituzten nahieran, bertakoen arteko gerrak sustatuz. Orain olatuak behar dituzte, eta berriz ere Afrikara jo dute, alegia, Espainia iparraldera.

Beren herrialdeetako surf txapelketa nazionalak antolatzen dituzte, astero-astero 300 ikasleko surf ikastaroak antolatzen dituzte aurrez alokatutako eremu eta kanping zelaietan. Beren herrialde aurreratuetatik ekarritako janari, edari, zinema areto, taberna, tabernari, musika eta musikariak ere beraiekin datoz, bertakoa, bertako den neurrian, ez baita inondik inora interesgarri. Zergatik ez da gertatzen ahalakorik Biarritzen?

Nahi gabe, egiaz non gauden gogorarazten digute giriek eta sakoneko afera gailentzen da. Merkel protestantea edo Rajoy integrista katolikoa? Horra gakoa. Borrokan bizi nahi eta borrokarik irabazteko asmorik ez dutenek, «ez bata eta ez bestea» esango dute, baina gauzak ez dira hain sinpleak benetan zerbait lortu nahi duenarentzat.

Eddie Aikau surflari mitikoa datorren astean hasiko den Jeffreys Bayko txapelketan ohartu zen inguruan zituen haientzat azpi-arraza batekoa zela. Hawaiiko taldearekin herrialdeen arteko munduko txapelketan parte hartzera joan zen, baina ez zioten bere taldeko lagun zurien hotel berean lo egiten utzi, azal ilunegia zuelako. Taldekideek ez zuten babestu; beraz, haiek ere zokoratu zuten, eta horrek min egin zion.

Aikau atzerritarra zen bere herrian. Batetik, Hawaiin jaio eta berekin hazi ziren ilehoriak zituen etsai, nahiz eta berauekin bizitzera behartua izan. Etxean, zein etxetik kanpo (baita AEBetan ere) bigarren mailako hiritar izatera kondenatua zegoen. Horregatik aukeratu zuen hawaiiar eta estatubatuar izatea, aurrera egin ahal izateko gutxieneko lanabesak eskura izan nahi zituelako, eta ez bera amerikar sentitzeko zelako.

Neure burua Aikauk garai batean izan zuen ataka berean ikusten dut. Batetik, ez ditut maite hegoaldetik etorrita kolonizatu gintuzten horiek, eta bestetik, iparraldera begira ere, ez dut gogoko ikusten dudana. Aukeran, ordea, iparraldea nahiago... ez dakit, agian ez dut arrazoi sendorik halako baieztapen bat egiteko, baina lotsa gutxiago emango lidake Jeffreys Bayko hotel batean europar gisa saihestua izateak, espainiar gisa baztertua izateak baino.