Surflari Ernegatua

Julius eta Augustus

Surflariak, aste batean ilargia ilgora, ilbehera, ilberria edo ilbetea den jakinda, marea goian goizez edo arratsaldez izango den jakin ahal izango du, baita marea biziak edo hilak diren ere. Augustok, Zesarrek egin zuen modu berean, 29 egun zituen hilari bi egun erantsi zizkion bere burua ohoratzeko, eta «Augustus» izenez bataiatu zuen. Ordutik, ilargia gure egutegira egokituko delakoan gaude.

Laguna, lau urtarotan da lagun, besteak, uda sasoian baino ez. Gauza bera gertatzen da surflariekin. Surflariak urte osoan zehar itsasoratzen dira, besteak, uda sasoian baino ez, baina gehiago dira. Horregatik, kirol duin beharko lukeen honetan, protagonista ez da itsasoa, marka izen edo modako produktu berria baizik (materiala edo hezur-haragizkoa izan).

Olatuen atzetik dabilen edonor naturaren legeak ikastera behartuta dago, eta beraz, naturaren arabera ulertu beharko du mundua eta ez gizakiak eraiki duen ipuin baten arabera, soilik horrela ulertu ahal izango baitu gauzak nola eta zergatik gertatzen diren. Mundua gizakiak eraiki nahi duen gezur handi hori bezalakoa dela sinetsi nahi duenak guztia bere alde izango du, baina olatu on bat non eta zergatik hartu ahal izango duen jakiteko gaitasunik ez du izango.

Surflariak, aste batean ilargia ilgora, ilbehera, ilberria edo ilbetea den jakinda, marea goian goizez edo arratsaldez izango den jakin ahal izango du, baita marea biziak edo hilak diren ere, eta datu horiek zinez garrantzitsuak dira non eta noiz itsasoratu behar duen jakiteko. Horretarako ordea, hobe da auzoko tabernak ateratako egutegian begiratu surfaren industriako marka izenen egutegietan begiratzea baino, zeren azken hauek, surflari, urautsi exotiko, eta bikini ikusezin baten azpian ezkutatzen diren neskato lirain baten formak erakusten dituzte, baina ez ilargialdiak.

Gizonek eraikitako gezur batean bizi gara. Bai gizonek, zeren emakumeek ondotxo dakite hilabete batek 28 egun dituela, ordulari biologikoak eskumuturrean lotuta eraman daitekeen edozein ordularik baino zehaztasun handiagoa baitu. Hala ere, hilabete batek, egiaz, 27 egun, 7 ordu, 43 minutu eta 11,47 segundo dituen arren, edonori galdetuz gero, hilabeteak 30 edo 31 egun dituela erantzungo digu, gizakiok ipuinzaleak baikara.

Mendebaldarrok Erroma eta Greziako ipuinen seme-alabak gara. Erroma eraikitzeko erantzukizuna hartu zuen Romulo handiak, orduan martxoan hasten zen urteko bosgarren hilabeteari 31 egun ematea erabaki zuen (ordura arte 36 egun zituen). Erromako bigarren erregeak berriz, Numa Ponpiliok, hil honi egun bat kendu zion. Gero Julio Zesar etorri zen. Hil horretako hamabigarren egunean jaio zenez, urtebetetze egunean bere buruari opari bat egin nahi izan zion. Horrela, lehenik hilabeteari egun bat erantsi zion eta jarraian bere izenez bataiatu zuen. Ordutik, uztaila «Julius» da eta 31 egun ditu.

Kalendario gregorianoko zortzigarren hilabeteak ere 31 egun ditu. Kasu honetan, Oktavio Augusto enperadorearen omenez ezarritako izena da. K.a 24 urte lehenago gertatu zen. Kleopatra eta Marko Antonio garaitu ostean Erroman garaile agertu zen enperadorea eta 21 urte lehenago Julio Zesarrek egin zuen modu berean, bere burua ohoratzeko 29 egun zituen hilari bi egun erantsi zizkion. «Augustus» izenez bataiatu zuen abuztua eta ordutik, ilargia gure egutegira egokituko dela sinetsi nahian gabiltza.