Markel IRIZAR Trek taldeko txirrindularia
Frantziako Tourra

«Hansenator»

Horrenbeste desio genuen beroa eta eguzkia iritsi dira. Atseden egunaren ostean, 2 etapa gogor eta azkar izan ditugu. Ihesaldia iristeko ia azken aukerak ziren, eta denak emanda, Alpeetako etapen atarian, perfilak markatzen zuena baino gogorragoak egin zaizkigu bi etapa hauek. Eta etapa gogor hauetariko baten irabazlea Tony Gallopin izan da, iaz Donostiako Klasikoa irabazi zuena eta taldekide eta lagun dudana.

Ingalaterratik Frantziara bueltan, aireporturako bidean antolakuntzak jarritako autobusean egin genuen bidaian, aspaldi elkar ikusi ez genuen aitzakiarekin elkarrekin berriketan egin genuen bidea. Orduan, oraindik etapa eta maillot horia lortuko zituenik ez zekien Tonyk eta beste kontu batzuei buruz aritu ginen solasean. Horietako batek ikaragarri harritu ninduen, eta horri buruz zutabe bat egingo nuela pentsatu nuen momentuan.

Kontua da, Lotto Belisolen taldekide duen Adam Hansen australiarrari buruzko gauza bitxi batzuk kontatu zizkidala Tonyk. Adam Hansen, esaten dutenez, «superdotatua» da; hau da, ikaragarri argia omen da. Badirudi informatikako software oso on bat sortu eta patentatu duela, eta beste enpresa batek dirutza ordaindu ondoren, badirudi total aberastu dela mutila. Hala ere, egunean 3 edo 4 ordu bakarrik lo egiten omen ditu.

Goizeko ordu biak arte ibiltzen omen da bere ordenagailuan lanean. Adibidez, bere bizikletako zapatillak disenatu eta bere marka propioa egin du. Hori gutxi balitz, 2012tik Giroa, Tourra eta Vuelta jarraian hasi eta amaitu ditu.

Australiarra izan arren, Txekian bizi omen da, eta neguan hotza dela-eta iraupen eskia egiten bakarrik entrenatzen da. Urtarrilean Mallorcara joan, eta aurreneko egunetik bere entrenamendu programa bereziari ekiten dio. 7 ordu aurreneko egunean, gero beste 7 eta hirugarren egunean 8. Ez erdibideko 2 ordu, ez ezer.

Aurrez esandako dena gutxi balitz, hau da, bai fisikoki bai psikologikoki makina hutsa dela, ezagutzen dutenek mutil ikaragarri atsegina eta jatorra dela diote.

Tony Martin mazinger bat izango da, baina Tourra 4 ordu baino gutxiago lo eginda eta lasterketa lehiatzeaz aparte bere negozio eta ideia guztiak aurrera eramaten dituen Adam Hansen da, nire ustez, Tourreko Terminator, Hansenator!!!!